Politika -
Omenaldia
Ane Muguruza:'Gerra zikinak eragindako mina aitortu behar du Estatuak'
Josu Muguruzaren alabak esan du ez duela beste biktima batzuen mina ukatzen eta bakea eta bizikidetza “iraganean gertatutakoa ahaztu gabe” eraiki behar direla azpimarratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hamarnaka lagunek gogoratu dituzte ostiral honetan, Bilbon, Santi Brouard eta Josu Muguruza Herri Batasuneko legebiltzarkidea eta diputatua, hurrenez hurren. Brouard GALek hil zuen, 1984an; eta Muguruza, berriz, 1989an hil zuten. Hilketa biak azaroaren 20an izan ziren, Francoren heriotzaren urteurrenean.
Omenaldian, Josu Muguruzaren alabak, Anek, hartu du hitza, eta “etikaren eta moralaren lubakietan babestea” justua ez dela esan du, gertatutakoren azterketa osatua egiten ez bada.
“Bizikidetza lortu nahi bada, euskal gizarteak onartu egin beharko du gertatutakoaren inguruko kontakizun bakarra egotea ezinezkoa izango dela”, adierazi du.
Ane Muguruzaren iritzian, bere aita eta Santi Brouard “militanteak zirelako eta euren konpromiso eta ekarpen politiko eta humanoagatik erail zituzten”.
“Konponbide justua eta demokratiko bategatik lan egin zuten, pertsona guztiek eskubide guztiak izateko. Horretarako egin zuten lan eta hori da utzi zigutena”, erantsi du.
Gauzak horrela, Espainiari eta Frantziari “gerra zikinean eta errepresioan” izan zuten ardura bere gain hartzeko eskatu die.
Bestalde, Ane Muguruzak azpimarratu du ez dutela beste biktima batzuen mina ukatzen eta ez dutela min hori areagotzeko inolako asmorik ere.
“Ez dugu eskatzen inork bere ideiei uko egitea edo sinesten duten horrengatik lan egitea; guk ere gure konpromisoari eutsiko diogu herri honek bakea eta askatasuna lor ditzan. Ez diogu inori esango historia bere erara ez kontatzeko, baina guk gurea kontatu ahal izatea exijitzen dugu”, azaldu du.
Omenaldia Egiari Zor Fundazioak antolatu du. Bi lore-eskaintza egin dituzte, lehendabizikoa Ametzola plazan, eta bigarrena, Errekalden. Ekitaldi bietan izan dira Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren Institutuko zuzendaria eta Monika Hernando Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen departamenduko zuzendaria.
Edurne Brouarden eta Ane Muguruzaren ondoan, ezker abertzaleko hainbat kide izan dira, hala nola, Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Pernando Barrena, Rufi Etxebarria eta Maribi Ugarteburu.
Pello Urizar Eako idazkari nagusia eta EH Bilduko Bilboko udaletxean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan dituen ordezkariak ere bertan izan dira.
Juan Mari Olano Amnistiaren Aldeko Mugimenduko buruzagi ohiak, Jone Goirizelaia abokatuak eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere hartu dute parte omenaldian, besteak beste.
Muguruzaren eta Brouarden argazkien ondoan jarritako ikurrinaren alboan krabelinak ipini dituzte.