Politika -

Dirua bidegabe erabiltzeagatik

Hiru urte eta erdiko zigorra eskatu dute Zierbenako alkate ohiarentzat

Marce Elorza EAJko alkate ohiak zinegotzi bat sozietate bateko kontseilari delegatu karguan mantendu zuen inolako kontraturik sinatu gabe.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Fiskaltzak hiru urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Marce Elorza (EAJ) Zierbenako alkate ohiarentzat diru publikoa bidegabe erabiltzegatik eta sozietate delituagatik. Gainera, zortzi urterako erabat gaintasungabetzea eskatu du, zinegotzi bat sozietate bateko kontseilari delegatu karguan mantendu zuelako inolako kontraturik sinatu gabe.

Barakaldoko epaitegiak auzipetu zuen Zierbenako alkate ohia, sozietate delitua, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta. Elorzak Eugenio Barquin zinegotziari 50.000 eurotik gorako soldata ordaintzen zion, Zierbena Portua SL enpresako kontseilari delegatua balitz moduan, nahiz eta kontraturik izan ez.

Barquin 2005ean izendatu zuten Zierbena Portuko kontseilari delegatu, eta, ondorioz, 50.000 eurotik gora kobratzen zituen urtean. 2007an, beste kontratu bat sinatu zuen, 2011ko udal hauteskundeen ondorioz administrazio kontseilua desegiten zenean bertan behera gelditu zena.

Alabaina, hauteskunde horien ostean eta administrazio kontseilu berria izendatu arren, Barquinek kontseilari delegatuaren soldata kobratzen jarraitu zuen, administrazio kontseiluko kide berriak eta Zierbenako Udaleko zinegotziak kontra agertu arren.

Kontseilari berrien arabera, kargua berriro hartuz gero, soldatarik kobratu gabe egin beharko zukeen, baina proposamena ez zen gauzatu, horretarako gehiengo nahikorik egon ez zelako.

Barquinek sozietatean eragindako gastuagatik kontseilariek aurkeztutako kexa bideratu ez izana leporatzen dio fiskalak Elorzari; izan ere, kontseilari berriek Barquin kargutik kentzeko 2012ko maiatzean egindako idatzia baliorik gabe utzi zuen Elorzak.

Hori horrela, sozietate delitua egin izana leporatu diote, informazio eskubidea urratzeagatik eta jarduera sozialaren kudeaketa eta kontrola ukatzeagatik. Ildo berean, bide publikoa bidegabe erabiltzea egotzi dio, Barquini 2011ko abuztutik 2012ko abuztura bitartean ordaindu zizkion nominengatik.

Hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorraz gain, 5.400 euroko isuna eta zortzi urterako erabat gaitasungabetzea eskatu du fiskalak Zierbenako alkate ohiarentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Alderdi politikoak albisteak Ustelkeria politikoa gaur Gaurko azken ordukoa Abanto Zierbena albisteak