Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Ebazpen independentista bertan behera utziko dute gaur edo bihar
Dirudienez, Kataluniako Parlamentuaren ebazpena osteguna baino lehen bertan behera uzteko, adostasun zabala lortu du Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak magistratuen artean.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Kataluniako Parlamentuaren ebazpen independentistaren aurka aurkeztutako helegitea eguneko gai-zerrendan sartu du Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak gaur ere, eta 11:00etatik aurrera batzartuko da berriro. Antza denez, ebazpena osteguna baino lehen bertan behera uzteko, adostasun zabala lortu du Francisco Perez de los Cobos Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak magistratuen artean.
Azken egunetan Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak eta magistratu txostengileak gainerako epaileekin informalki eztabaidatu dutela jakitera eman dute. Ebazpena bertan behera uzteko akordio batera heldu omen dira.
Konstituzionalaren erabakia gaur edo bihar iritsiko da, ezohiko azkartasunarekin; izan ere, ebazpen bat ematea espero da, Kataluniako Parlamentuaren alegazioak jaso eta astebetera.
Azaroaren 11ko behin-behineko erabakiak zentzua galduko du orain behin betiko epaiarekin, baina sententziak Auzitegiaren aginduak betetzera behartuta dauden pertsonak zein diren berriro zehaztea ekar dezake.
Kataluniako Parlamentuaren ebazpen independentista bertan behera uztea aho batez erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 11n. Erabakiaren berri pertsonalki eman zien Kataluniako 21 karguduni, besteak beste, Artur Masi eta Carme Forcadelli.
Erantzukizun penalak
Erabakia betetzen ez baldin bazuten erantzukizun penalak izango zituztela ohartarazi zieten guztiei.
Auto hark eraginkortasuna galduko du orain; izan ere, Auzitegi Konstituzionalak behin betiko ebazpena igorriko du. Hala ere, Auzitegiaren agindua betetzeko ohartarazpenak indarrean jarraituko du sententzia berrian.
Besteak beste, Artur Mas Kataluniako jarduneko presidenteak, Generalitateko kideek, Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak, Ganberaren Mahaiko kideek eta Pere Sol Parlamentuko idazkariak jaso zuten pertsonalki Konstituzionalaren erabakiaren berri.
Espainiako Gobernuak eskatuta, ebazpen independentista ?bertan behera uzteko, erabakia saihestu edo alde batera uzteko edozein ekimen geldiaraztea? euren betebeharra dela gogorarazi zien Konstituzionalak Kataluniako 21 kargudunei.
Konstituzionalaren erabakiaren berri pertsonalki jaso zuten Kataluniako 21 kargudunak. Argazkia: EFE