Politika -
Estatu Islamikoa
Madrilera eraman dute Iruñeko ustezko jihadista
32 urteko atxilotuak ustez proselitismo lanak egiten zituen hiriburuko ostalaritza lokal batean.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak Iruñean atxilotutako ustezko jihadista Madrilera eraman dute astearte arratsaldean, ETBren esanetan.
Barne Ministerioaren arabera, atxilotuak ustez proselitismo lanak egiten zituen hiriburuko ostalaritza lokal batean.
?DAESHekin bat egiteko Siriara joateko bidaia prestatzen ari zen 32 urteko gizon marokoar bat? atxilotu dute guardia zibilek goizean, Ministerioak gaur ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Ministerioaren hitzetan, atxilotuak Guardia Zibilaren arreta bereganatu zuen ?erradikalizazio zantzu argiak erakutsi zituenean, jokabidea eta itxura aldatu zituelako, eta baita lagunak ere?. Senitarteko batzuekin, tartean bere emaztearekin, harremanak eten zituen ?erradikalekin bat egin eta gero?, azaldu du.
Guardia Zibilaren arabera, duela bi urtera arte bizimodu normala egin zuen, baina ?erradikalizatu? ondoren, atxilotuak Estatu Islamikoaren bideo eta albiste ?gehiago? zabaldu zituen bere lokalean. Gainera, ?berak aukeratutako bezero batzuen artean, grabazioak, argazkiak, bideoak eta estekak zabaltzen zituen, EIren argitalpenak sare sozialetan zabaltzeko?.
Militante berriak erakartzeko lana
Guardia Zibilaren ikerketak egiaztatu duenez, ?atxilotuak militante berriak erakartzeko lana egiten zuen bere inguruan, eta baita Internet bidez ere?.
Barne Ministerioaren ahotan, Siriara joateko prest dauden pertsonak aurkitzea eta erakartzea zen, gehienbat, atxilotuaren lana.
Atxilotuak Espainian zuen ?harreman sarea desegiten? saiatuko dira ikerketako arduradunak orain, eta ?Siriara joateko zein laguntza edo babesa zuen argitzen?.
Miaketa San Jorge auzoan
Guardia Zibilak dispositibo handia zabaldu du Iruñeko Sanduzelai auzoan. Atxilotuaren etxebizitza eta negozioa miatu dituzte. Barne ministroaren esanetan, ?material informatiko dezente dago bertan, eta idazkari judizialaren aurrean kopiatu behar dute?.
Antonio Simonena doktorearen kaleko espaloi bat itxi du hasieran Guardia Zibilak, baina ez die oinezkoei bertatik pasatzea galarazi.
Ikerketa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak baieztatu duenez, Iruñean atxilotutako ustezko jihadistak ?bilerak? egiten zituen bere lokalaren atzealdean. Bilera horietan norekin biltzen zen ikertzen ari dira oraindik. Elkarren artean komunikatzeko erabiltzen zituzten sareak ere ikertuko dituztela esan du ministroak. Ustez, EIrekin bat egiteko mezuak zabaltzen zituen.
?Siriara bidaiatzeko prest zegoen, DAESHera batzeko?, esan du. Atxilotua Guardia Zibilaren Tres Cantoseko egoitzara eraman dute, eta ondorengo orduotan jarriko dute epailearen esku.
DAESHek sare sozialen bidez mezuak zabaltzeko duen ?eraginkortasuna eta profesionaltasuna? azpimarratu ditu Fernandez Diazek.
Bartzelonan atxilotuak, espetxera
Bestalde, Estatu Islamikoa talde jihadistarentzat kideak errekrutatzea egotzita Katalunian asteburuan atxilotutako hiru lagunak espetxera bidali ditu gaur Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.