Politika -
Hizkuntza politika
EAJ: "Patxi Lopezek euskara ahultzen du aniztasunaren mesedetan"
Sabin Etxean hezkuntza sektorearen arduradunekin bildu ostean Iñigo Urkulluk egindako adierazpenak dira. Jaurlaritzak Nazio-Estatua ezarri nahi duela kritikatu du jeltzaleak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan dituen lehentasunak "Nazio-Estatuaren eredua ezartzea, matrikulazio kanpaina ''behar den moduan'' antolatzea eta hizkuntza aniztasunaren mesede euskera ahultzea" izatea kritikatu du.
Sabin Etxean hezkuntza sektorearen arduradunekin bildu ostean, Eusko Jaurlaritzako Eskola 2.0 programan "inprobizazioa orokorra" dela adierazi du Iñigo Urkulluk. Horretaz gain, 2013 urtetik aurrera, legislatura autonomikoan, programa horrekin zer gertatuko den ez dakitela esan du Urkulluk.
Halaber, hezkuntzak "nazio proiektu" bezala eskatzen duen "lidergoa" ez dela Eusko Jaurlaritzan ikusten adierazi du jeltzaleak. "Lidergo falta horren aurrean, EAJ erronka horri aurre egiteko prest" dagoela adierazi du EAJren presidenteak.
Eskola 2.0 programa
Eskola 2.0 programari dagokionez, Jaurlaritzak proiektu hau "Rodriguez Zapaterok egindakoa imitatuz" sortu dutela esan du, "ekimen bat delako, eta ez plan edota programa bat, inprobisazioa guztiz erabiltzen baita".
Bestalde, "inprobisazio guzti horren aurrean", EAJk "hezkuntza egokitu" nahi duela esan du jeltzaleak, horretarako hezkuntza autonomoagoa bultzatzen eta Europako "herri aurreratuenetara" hurbilduz.