Politika -

Epaiketa AN-ean

Aznar hiltzen saiatzea egotzitako hiruk ukatu dute ETAko kide izatea

Atentatu saiakeragatik auzipetutako lau lagunek ukatu egin dute, gainera, ekintza hartan parte hartu izana.

Iruretagoiena eta Mugika, epaiketan. EFE
Aznar hiltzen saiatzegatik, lau epaitu

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiaren kontrako atentatu saiakeragatik auzipetutako lau lagunetatik hiruk ETAko kide izatea ukatu dute gaur Auzitegi Nazionalean euren kontra abiatu den epaiketan. Hala, Luis Ignacio Iruretagoienak bakarrik aitortu du erakunde armatuko kide izan dela.

Fiskalaren arabera, ETAk Jose Maria Aznar hiltzea agindu zuen 2001ean, hauteskunde-kanpaina zela eta, orduko Espainiako Gobernuko presidenteak Euskal Autonomia Erkidegora egingo zituen bidaiak baliatuta. Alabaina, atentatua egiteko erabili behar zuten misil-jaurtigailuak huts egin zuen. Hain justu, ekintzotan parte hartu izana ukatu dute lau auzipetuek, eta akusazioak "faltsuak" direla salatu dute.

Iruretagoiena ETAko buruzagi izandakoarentzat 72 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Gainerako akusatuentzat, hau da, Pedro Mari Olanorentzat, Gregorio Jimenez Moralesentzat eta Juan Mari Mugika Dorronsorrentzat, 71na urtekoa.

Lau akusatuek ez diete fiskalaren galderei erantzun, Defentsako bere abokatuaren itaunei ihardetsita, 1974tik ETAko kide izan dela aitortu du Iruretagoienak, baina gainerako akusatuekin ekintzarik egin ez zuela nabarmendu du. Are, ez zituen ezagutu ere egiten.

Aznarren kontrako atentatu saiakeraz galdetuta, parte hartu ez zuela azpimarratu du Iruretagoienak. Nahita ere, ezingo lukeela ohartarazi du, gainera, 1983an ezkerreko eskua galdu baitzuen: "Ehiza eskopeta bat ere ezin dut eskutan hartu, harritzen nau misil-jaurtigailu batekin ahal izatea", argudiatu du.

Epaiketa amaitu denean, Ministerio Publikoaren bozeramaileak 72 urteko kartzela-zigorra eskatu du ustezko ETAko kidearentzat eta 71 beste hiru akusatuentzat. Bere ustez, "beharrezko laguntzaileak" izan ziren, materiala leku batetik bestera eramaten lagundu zutelako. Ustez, Espainiako presidentearen hegazkina bota nahi zuten.

Olanok, bere aldetik, esan du inoiz ez dela ETAren partaide izan eta talde armatuaren ustezko asmoak "tortura psikologikopean eta fisikopean" eman zituela. "Oihukatzen ninduten, buruan jotzen ninduten eta flexioak egitera derrigortzen ninduten, lurrera erortzen nintzenera arte", aitortu du.

Gregorio Jimenezek fiskalaren akusazioak ukatu ditu eta esan du "inoiz" ez duela talde armatuarekin erlaziorik izan. Frantzian egindako egonaldiari dagokionez, adierazi du lanean zegoen enpresa ez zegoela "ondo" eta "bizirik zeuden arrainak" garraiatzen zituen enpresa batean hasi zela lanean.

Mugica Dorronsorok esan du ez duela atentatu horrekin zerikusirik. Aitortu duenez, asko jota, "lau aldiz" egon dela Tolosan (bertan aurkitu zuten ETAko kideek erabilitako zuloa): "inauteriak ospe handikoak dira eta azoka egunen batean" ere izan dela azpimarratu du. ETAko kide izan den, zulorik egin duen edota talderen batean izan den galdetu diotenean zera erantzun du: "Baita zera ere!".

"Bizirauteko aukerarik ez"

Lehergailuetan adituak diren bi lagunek parte hartu dute epaiketan. Esan dutenez, errusiar jatorrikoak ziren 2004ko urriaren 3an aurkitutako misilak. "Misila jaurtiz gero, ez dago bizirauteko aukerarik", esan du adituetako batek. Gainera, aurkitutako misil bat ere ez omen zegoen "erabiltzeko moduan".

Defentsak, bere aldetik, Olanok ustez jaso zituen "torturak" salatu ditu. Bere ustez, ETAren misilak aurkitu eta 2009ko maiatzaren 25ean Gara egunkarian argitaratutako elkarrizketa baten ostean sortu zuten kausa. Elkarrizketa horretan, Argi eta Gaubeko ETAko kideek azaldu zuten "Jose Maria Aznar Espainiako Estatuko presidente zenean bere aurka egiteko hiru saiakera egiteko aktibatu" zituztela. "Guardia Zibilak informazioa zuen, baina ez zuen errudunik", azaldu du Aiert Larrarte abokatuak.

Hiru saiakera

2001eko apirilaren 29an, Ministerio Publikoaren arabera, akusatuek misilak jaurtitzeko gailu bat jarri zuten Hernani inguruan, Aznarrek Bilboko Euskalduna Jauregira hauteskunde kanpainiako ekitaldi bat egin behar zuela aprobetxatuta. "Talde armatuak" erabili ez zuenez, Lizartzako etxebizitza batean ezkutatu zuten.

Bigarren saiakera Oiartzunen izan zen, Espainiako orduko presidentea Hondarribiako aireportuan izan zenean. Donostiako Kursaalen maiatzaren 4an ekitaldi politiko batean parte hartzeko joan zen bertara.

Azken saiakera Gasteizen izan zen, PPko liderra Sansomendi polikiroldegian izango zelako. Horren ostean, akusatuek aitortu zuten atentatua ez zela aurrera eraman misilak botatzeko gailuak huts egin zuelako. Gauzak horrela, ETAri itzultzea erabaki zuten, Frantziara, 2002ko Aste Santuan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak