Politika -
FARCen eta ETAren harremana
ETArekin duen erlazioa azaltzeko eskatu dio Espainiak Venezuelari
"Azalpen horren arabera, ekin egingo du Espainiako Gobernuak", esan du Zapaterok. Espainiako epailearen akusazioa "onartezintzat" jo du Venezuelako Gobernuak.
Erredakzioa
Hugo Chavezen Gobernuak ETAren eta FARCen aliantzarekin "lankidetza" izan duela esateko zantzuak badirela baieztatu du Espainiako epaile batek, eta horregatik Venezuelari azalpenak eskatu dizkio Espainiak, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez.
Angela Merkel Alemaniako kantzelariarekin batera emandako prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak Zapaterok, Eloy Velasco epaileak lankidetza horren zantzuak direla baieztatu ostean. ETAko eta FARCeko zenbait kide auzipetu ditu Velascok, Espainian Kolonbiako goi-kargudunen kontra eraso egiteko lanean aritzeagatik.
Auzitegi Nazionaleko epailearen ekintza errespetatzen duela adierazi du Espainiako Gobernuko buruzagiak eta Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroak "beharrezko gestioak" egin dituela jakitera eman du, Venezuelako Exekutiboari azalpenak eskatzeko.
Zain
"Venezuelaren azalpenak entzuteko zain gara, eta azalpen horren arabera, ekin egingo du Espainiako Gobernuak", erantsi du Zapaterok.
Bestalde, Venezuelako Gobernuak ustez ETArekin duen harremana "ustekabekoa" izan dela esan dute Espainiako diplomaziaren iturriek.
Epaileak aipatutako zantzuak egiaztatzeko aukera dagoen galdetuta, Justizian konfiantza izan behar dela azpimarratu dute iturriek.
Erantzuna
Espainiako epailearen akusazioa "alderdikoitzat" eta "onartezintzat" jo du Venezuelako Gobernuak. Epailearen autoan "akusazio onartezinak egiten dira, motibazio politikoak bultzatuta", esan du komunikatu batean Venezuelako Gobernuak.