Politika -

MINISTROEN KONTSEILUA

Sexu delituengatik zigortutakoek ezingo dute adingabeekin lanik egin

Sexu Delitugileen Erregistroa sortu du Espainiako Gobernuak. Sexu delituak egotzita zigorra jaso duten pertsonek adingabeekin lotutako lanik ezingo dute egin aurrerantzean.

Catala eta Saez de Santamaria gaurko agerraldian. EFE.
Sexu-delinkuenteen errejistroa sortu da, haiek umeengandik urruntzeko

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexu Delitugileen Erregistro Zentrala sortzea erabaki du gaur Espainiako Gobernuak. Egun, 43.745 pertsona daude Espainiako Estatuan sexu delituengatik zigorra jasota. Horiek adingabeekin lotutako lanetan ezingo dute aritu, hemendik aurrera. Sexu gaizkileen eta umeen arteko harremana ekiditea da, hain justu, ekimenaren helburu nagusia.

Ministroen Kontseiluaren ondoren hedabideen aurrean egindako agerraldian, Rafael Catala Justizia ministroak jakinarazi du Erregistroa "berehala" egongo dela martxan; delitugileen identifikazio datuak eta profil genetikoak jasoko dituzte, besteak beste.

Erregistro honen sorrera umeen babeserako legedi berriaren ondorio da. Epaituak eta zigortuak izan diren gaizkile sexualen nortasun datuak zein profil genetikoa jasoko dira Erregistro berrian. Bitarteko bat izango da gaizkile sexualek ez dezaten izan inolako erraztasunik, umeekin zerikusia duten lanbideetan jarduteko.

Ez du edozeinek izango, ordea, erregistro honetan sartzeko baimena. Izan ere, konfidentzialtasuna bermatu nahi da. Epaileek, auzitegiek eta segurtasun indarrek izan dezakete datuak zuzenean edukitzeko modua, beti ere, ikerketaren bati lotuta bada.

Hala ere, ikastetxe batek edota umeekin jarduteko beste edozein lanbidetan aritzeko arduradunek eskatu diezaiokete bertan lan egin behar duenari gaizkile sexualen Erregistroan ez dagoela erakusten duen agiria.

Erregistro horretan sartuko dira, baita, askatasun sexualaren kontrako delituengatik zigortuak izan direnak ere: esaterako, exhibizionistak,  adin txikikoen korrupzioagatik kondenatuak eta sexu esplotazioa edo sexu jazarpena egiteagatik zigortuak izan direnak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Delituak Espainiako Gobernua bideoak Eguneko albisteak Albisteak