Politika -
Batzar Nagusiak
Bizkaiak 7.437 milioi euroko aurrekontua izango du 2016an
EAJren eta PSEren babesarekin onartu dute aurrekontua. EH Bilduk, Ahal Duguk eta PPk kritikatu dute jeltzaleek eta sozialistek adostasuna bilatzeko asmorik izan ez dutela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Batzar Nagusiek 2016rako aurrekontua onartu dute, EAJren eta PSEren babesari esker. Ahal Duguk, EH Bilduk eta PPk kontra bozkatu dute. Datorren urterako aurrekontua 7.437,7 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino %2,6 gehiago.
Oposizioko taldeek 325 zuzenketa aurkeztu dituzte (PPk 191, EH Bilduk 99 eta Ahal Duguk 35), baina proposamen guztiak atzera bota dituzte EAJk eta PSEk.
Jeltzaleek eta sozialistek aurrekontuak adosteko borondaterik izan ez dutela kritikatzerakoan bat etorri dira Ahal Dugu, EH Bildu eta PP. Aurkeztu dituzten zuzenketa guztiak atzera bota izan horren erakusgarri dela esan dute.
Enplegua sortzeko edo gastu sozialera bideratutako diru kantitateak handiagoak izan beharko luketela esan dute.
EAJk eta PSEk, berriz, enplegua sortzea bi alderdiek sinatutako gobernu-itunaren “lehentasunetako bat” dela nabarmendu dute, baita beharrizan gehien duten herritarrei babesa ematea edo administrazio modernizatzea.