Politika -
Hauteskunde osteko itunak
PSOE egiten ari den 'kanibalismo politikoa' salatu du EAJk
Andaluziako presidenteak Pedro Sanchez 'amortizatu' egin duela eta ahalik eta lasterren 'lurperatu' nahi duela esan du Mediavillak
Agentziak | Erredakzioa
Koldo Mediavilla EAJren EBBko idazkari nagusiak uste du PSOEren baitan "kanibalismo politikoa" egiten ari direla eta ikuskizun "penagarria" dela adierazi du. Pedro Sachez hautagaiarekin jazarpen eta eraiste proba’ egiten ari direla salatu du, eta horren atzean "egonkortasun politikoa bermatzeko ituna" dagoela gaineratu.
Blog batean idatzitako artikuluan idatzi duenez, Sanchezek gogor heltzen badio eta baseek bere alde egiten badute, Espainiako Presidentetzarako aukera bat izan dezakeela uste du buruzagi jeltzaleak.
"Feliperen garaiko ordezkaritza sozialista zaharkituak berehala egotzi dio Sanchezi alderdiak izan dituen hauteskunde emaitza kaskarren erantzukizuna. Rajoy eta Riveraren eskuinari aurre egingo dion gobernu ordezko bat osatzeko dituen aukerak, txikiak badira ere, desagertzeko bidean jar ditzake eraso gogor horrek", kritikatu du.
Mediavillaren esanetan, Pedro Sanchez Gobernuko presidente izango balitz, bi helburu lortuko lituzke: "PP Gobernutik botako luke, eta, bestetik, ezkerreko proiektu berri bati ekiteko aukera izango luke".
Susana Diaz Andaluziako presidenteak Pedro Sanchez amortizatuta dagoela uste duela esan du, eta, berehala "lurperatzeko asmoa" duela gaineratu. Herrien erabakitzeko eskubidea defenditzen duenarekin hurbilketa ukatzeak "ondorioak" izan beharko lituzke, Mediavillaren ustez.
"Zer egiten du Ximo Puigek Compromisekin agintzen Valentzian? Ze zentzu dauka EAJk Euskadin sozialistekin egin duen akordioak? Ez al da EAJ autodeterminazioaren aldekoa?", galdetu du.