Politika -

Katalunia

CUPek Artur Masen inbestidura ez babestea erabaki du

Hala, hauteskundeak aurreratu beharko dituzte Katalunian.

Antonio Baños CUPeko buruzagia, bilerara heltzen Argazkia: Efe
Antonio Baños CUPeko buruzagia, bilerara heltzen Argazkia: Efe
CUPeko Kontseilu Politikoa batzartu da behin betiko erabakia hartzeko

2:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CUPen Kontseilu Politikoak Artur Masen Junts pel Siren Generalitateko presidentegaiaren inbestidura ez babestea erabaki du. Ondorioz eta, ezustekorik ezean, hauteskundeak aurreratu beharko dituzte Katalunian.

Bigarren bozketan, Artur Masen inbestidura ez babestearen aldekoak nagusitu dira.

CUPeko prentsaurrekoa eskainiko dute a16:30etik aurrera argibideak emateko.

CUPen Kontseilu Politikoak batzarra egin du gaur Bartzelonako Pere Quart gizarte etxean, goizeko hamarretan hasita, eta alderdiaren idazkaritza nazionala eta Kataluniako Parlamentuko taldea osatzen duten 68 buruzagiak elkartu dira bertan. Atzo, CUPen lurralde batzarrek beren iritzia adierazi zuten, baina Kontseilu Politikoak hartu du Artur Masi buruzko azken erabakia.

Bi proposamenen artean erabaki behar izan dute: Masen inbestidura babestu edo baztertu. Behin Mas ez babestea erabakita, bi aukera dituzte: inbestidura saioan 5 aldeko boto eta kontrako 5 boto ematea edota 10 diputatuek abstentziora jotzea.

Bigarren aukera Masen inbestidura babestea zen, aldeko bi boto eta 8 abstentzio emanda. CUPen esanetan, boto zatiketa horrek "CUPek independentziarekiko eta herriaren prozesu eratzailearen alde" egiten duen apustua erakutsiko zukeen eta, aldi berean, murrizketa eta pribatizazio politiken kontrako jarrera.

Kontseilu Politikoan erabili den prozedurari dagokionez, bi proposamenak bereizita bozkatu dituzte bietako batek gehiengo absolutua eskuratu duen arte. Bigarren bozketan hautsi da berdinketa. Gehienera jota, hiru bozketa erronda egitea aurreikusten zuten.

CUPeko militanteek 155 herri batzar eta 13 lurralde batzar egin dituzte azken egunotan, auzia eztabaidatzeko eta beren iritzia Kontseilu Politikoari helarazteko.

Artur Mas Generalitateko presidentegaia babestu ala ez eztabaidatzeko CUPek atzo egindako lurralde batzarretan agerian gelditu zen alderdi barruko zatiketa.

Bartzelonako lurralde batzarrean Masen kontrakoak nagusitu ziren, 10etik 8 agertu ziren aurka. Penedes eta Camp de Tarragonako lurralde batzarretan hamarretik lauk soilik babestu zuten Masen inbestidura erraztea. Aitzitik, Gironako Maresme, Nord-Oriental eta Alt Ter lurraldeetako batzarretan berdintasuna izan zen nagusi, nahiz eta Masen inbestidura erraztearen aldekoak ugaritu. Bestalde, ez dago Ponent-Piriniotako batzarraren behin betiko daturik; izan ere, militanteek gauerdira arteko tartea zuten botoa emateko.

Larunbatean CUPen 13 lurralde batzarrek bilera egin zuten, CUPek abenduaren 27an egindako batzar nazionalean Masen aldekoen eta kontrakoen arteko berdinketa izan ostean.

Eta orain, zer?

CUPek Artur Masi behin betiko ezetza eman ondoren eta, sorpresarik ezean, Kataluniako Parlamentua desegin egingo da urtarrilaren 10ean eta hauteskundeak egingo dira 40-60 eguneko epean. Izan ere, Kataluniako Parlamentuan ordezkaritza duten gainerako taldeek dagoeneko iragarri dute ez dutela Artur Masen inbestidura babesteko inolako asmorik.

Orain, hainbat galdera daude erantzuteke, tartean, Junts pel Sik inbestidura saioa egitea erabakiko duen ala ez. Junts pel Sik inbestidura saiorik ez egitea erabaki dezake, Artur Masek nahikoa babesik ez duela jasoko jakinda.

Junts pel Sik Artur Mas presidentegaia ordezkatu dezake CUPek haren erabakia birpentsatu dezan. Dena den, aukera zaila dirudi; izan ere, Junts pel Sik behin baino gehiagotan adierazi du Artur Mas zela hautagaia.

Edozein kasutan, 24-48 orduan egin beharko luke presidentegai aldaketa, urtarrilaren 10a bitarteko epea baitago presidentea izendatzeko.

Bestalde, ikusteke dago CUP alderdiaren etorkizuna ere; izan ere, hasieratik iritzi kontrajarriak adierazi dituzte CUP osatzen duten bi mugimendu nagusiek: Poble Lliure eta Endavant.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Artur Mas