Politika -
Kale indarkeria
Aresek esan du atxiloketa "ETAren ikasleei zuzendutako oharra" dela
Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, Ertzaintzaren ikerketak irekita jarraitzen du, nahiz eta "Gasteizen jarduten zuen terrorista talde bat" desegin dutela zehaztu.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ohartarazi du kale indarkeriarekin lotuta Gasteizen egindako atxiloketa "ETAren ikasleei zuzendutako oharra" dela, Ertzaintzak "jazarri egingo dituela dauden lekuan egonda".
Ertzaintzaren Terrorismoaren Kontrako Taldeak Adrian Donnay 21 urteko gizonezkoa atxilotu du bart Gasteizen, 2009ko irailean molotov koktelez tranbiaren geltoki bati eraso egitea leporatuta. Donnayren atxiloketa "okupa" etxe batean izan da, Gasteizko Alde Zaharrean.
Aresek prentsaurrekoan azaldu duenez, Ertzaintzaren ikerketak irekita jarraitzen du aipatu erasoa egin zutenek antzerako beste ekintza batzuk egin ote zituzten argitzeko. Atxiloketaren ostean egindako miaketetan Segiren propaganda eta ordenagailuak atzeman dituztela argitu du Herrizaingo sailburuak.
Sailburuak esan du atxiloketa horrekin "duela denbora asko Gasteizen jarduten zuen terrorista talde bat" desegin dutela.
Talde horretako beste ustezko bi kideak dagoeneko atxilotu dituzte. Joseba Apaolaza Castro kartzelan dago Espainiako Poliziak Segiren aurka egin zuen beste operazio batean atxilotu eta gero; eta Ekaitz Samaniego Ertzaintzak atxilotu zuen geltokiaren kontrako erasoa gertatu eta minutu gutxira.
Era berean, "ETAren inguruko egiturari beste kolpe bat" eman diotela azpimarratu du eta Ertzaintzaren "profesionaltasuna" agerian geratu dela.
Alderdien Legea
Ezker abertzalea erakundeetan egon ez dadin PPk Alderdien Legeari egin nahi dion aldaketari buruz galdetuta, "egungo hauteskunde sistemak nahikoa berme" ematen duela esan du Rodolfo Aresek.