Politika -
Ezezkoa Artur Masi
Mas inbestitzea baztertuta,'mugitzeko' eskatu dio CUPek Junts pel Siri
Gabriela Serra CUPeko diputatuak ohartarazi duenez, Junts pel Sik astebete du aurretik Artur Mas ez den beste presidentegai bat aurkezteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CUPen Kontseilu Politikoak gaur erabaki duenez, Kataluniako Parlamentuan Artur Masen inbestidurari buruzko beste saio bat eginez gero, alderdi horretako 10 diputatuak abstenitu egingo dira. Hala, "hurrengo mugimendua" egitea Junts pel Siri dagokiola aldarrikatu du CUPek eta beste hautagai bat proposatzeko eskatu dio.
Bartzelonako Pere Quart gizarte etxean egindako CUPen Kontseilu Politikoaren osteko prentsaurrekoan idazkaritza nazionalak baieztatu duenez, Mas ez babestearen aldeko 36 boto eta kontrako 30 boza izan dira. Gainera, bat abstenitu egin da. Gauzak horrela, alderdi horretako 10 parlamentariak abstenitu egingo dira inbestidura saio berrian Artur Mas berriro hautagai bezala aurkezten bada.
Sergi Saladié CUPeko diputatuak erretiratzeko desafioa bota dio Artur Mas Junts pel Siren Generalitaterako presidentegaiari eta Junts Pel Siri, aldiz, beste hautagai bat aurkezteko eskatu dio. "Ez zela traba izango esan zuen Masek eta orain du hori erakusteko aukera. Pilota haren teilatuan dago", adierazi du.
Gabriela Serra CUPeko diputatuak ohartarazi duenez, Junts pel Sik astebete du aurretik Artur Mas ez den beste presidentegai bat aurkezteko: "Mugitu nahi duenak astia du oraindik horretarako. Oraingoz ez dago ezer deituta".
Halaber, Junts pel Sik beste presidentegairen bat aurkeztekotan, CUPek ziurtatu du bere organoak "behar denean" biltzeko eta balizko presidentegai berriari buruzko erabakia hartzeko aukera izango lukeela.
Bestalde, CUPek aldarrikatu du burujabetza prozesua ez zela irailaren 27an hasi eta ez dela CUPek gaur egindako bilerarekin amaituko, eta prozesuak aurrera egingo duela "Masen inbestidurarekin edo gabe".
CUPen esanetan, Masen inbestidurak porrot egiten badu ez ei da alderdi independentistaren erantzukizuna izango, Junts pel Sirena baizik beste hautagai bat aurkezteari uko egin diola argudiatuta.
Bozketen emaitza
Xavi Generó CUPeko diputatuak azaldu duenez, sei proposamen izan dituzte mahai gainean eta azkenean Artur Masen inbestidura baztertzearen aukera nagusitu da.
CUPek zehaztu du 67 lagunek osatzen dutela Kontseilu Politikoa eta ez 68k hasiera batean esan bezala.
Haustura arriskua ukatu du CUPek
Serra diputatuak ukatu egin du CUPen baitan haustura arriskua dagoenik, azken egunetan agerian gelditu diren iritzi kontrajarrien ostean. "Bide luzea du aurretik CUPek. Ziurtasunez aurre egiten diogu etorkizunari", gaineratu du.
Junts pel Siri presidentegaia aldatzea eskatu dioten galdetuta, Saladiek adierazi du ez dela eskaera berria: "Gaur hemen dauden hedabideak aintzat hartuta, mezua jasoko du".