Politika -

Artur Masen agerraldia

Mas: 'Hilaren 11n bozak deituko ditut, baina astia dago ordura arte'

Generalitateko jarduneko presidenteak azpimarratu duenez, Junts pel Si 'asko mugitu da' eta ezin dio beste eskaintzarik egin CUPi.

CUPen ezezkoaren ondotik, Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak agerralArgazkia: EiTB

Artur Masek CUPen kontra gogor egin du bere agerraldian

0:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak azaldu duenez, datorren astelehenean, hilak 11, Kataluniako hauteskundeak deitzeko dekretua sinatuko du, "baina astelehenera arte astia dago". Dena den, haren hitzetan, Junts pel Si "asko mugitu da" eta ezin du eskaintza berririk egin.

Jarduneko presidenteak baieztatu du "litekeena" dela martxoaren 6an izatea hauteskundeak, baina astelehenera arte itxaron beharko da, "gogoz kontra" dekretua sinatu arte.

Masek onartu du "akatsa" izan dela CUPek "herri ikuspegiarekin" jokatuko zuela pentsatzea, alderdi horretan "izpiritu iraultzailea delako benetan gailentzen dena".

"Haien baldintzek eta legeek irabazten badute, prozesua hil egingo da; eskakizun gehiago betetzen ez ditugunean prozesuarengatik egiten dugu, ez pertsona batengatik, baizik eta prozesuarengatik eta Kataluniarengatik", azpimarratu du Masek, prozesuak "betorik" ezin duela onartu adierazi aurretik.

Hautagaitzari uko

CUPek eskatzen diona onartu eta presidente izateko hautagaitzari uko egiteko aukeraz galdetuta, Masek berretsi du ezin dutela eskaintza gehiago egin.

Iganderako denbora badago ere, Masek aitortu du "duela aste batzuk baino askoz esperantza gutxiago" duela CUPek atzera egitearen inguruan, baina "bizitza dagoen bitartean esperantzari eutsi" egingo diola hitz eman du, astelehena arte dauden egun gutxiei erreferentzia eginez.

"Prozesua pikutara ez botatzeko bat egitea eta botoak" gailendu behar direla iritzi dio, ez "bazterketak eta betoak". Hala, "duintasunagatik" ezin diotela CUPi gehiago eman adierazi du, "Generalitatea ez baita arrainaren enkantea".

CDCren buruak horixe berretsi du behin eta berriz, ezin zaiola alderdi antikapitalistari ezer gehiago eskaini: "Eskaintza bakoitzaren aurrean CUPek ezetz esan du".

Generalitateko presidente izateko, Masek CUPeko sei diputaturen botoak beharko lituzke astelehenaren aurretik, edo bestela, bigarren bozketan bi diputatuk alde bozkatzea, eta gainerakoak abstenitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak Artur Mas albisteak