Politika -
Katalunia
Masen diskurtsoa 'oldarkorra eta fratizida' izan dela salatu du CUPek
CUPek esan du eurak mugitu direla, “erabaki zail bat hartuta”, eta orain CDCri eskatu diote egoerak eskatzen duen mailako urratsa ematea, hauteskundeak ekiditeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CUPen iritzian, Artur Masek gaur egindako agerraldian erabili duen diskurtsoa “oldarkorra” eta “fratizida” izan da.
Generalitateko jarduneko presidenteak gogor kritikatu du CUPen erabakia, eta atzera egiten ez badute, astelehenean hauteskundeak deitzeko dekretua sinatuko duela iragarri du.
Agiri batean, CUPek esan du ez dituela Artur Masek egindako “irainak” erantzungo eta CDCri mugimendu bat egiteko eskatu dio, “betiere herrialde ikuspegitik”.
Alderdi independentistak gogora ekarri du azken hilabeteotan aukera, baliabide eta egutegi ezberdina proposatu dituela, plan soziala adosteko, Espainiarekin “hausteko”, Kataluniako prozesu konstituziogilea hasteko eta Generalitateko presidente berria aukeratzeko.
Ildo horretan, presidentea nork izan behar duen erabakitzeko formula ezberdinak proposatu dituela gogoratu du: presidentearen ondokoa izatea, txandakako presidentetza ezartzea edo prozesua internazionalizatzeko komisarioa izango lukeen Gobernua eratzea.
“Proposamen horiei guztiei Artur Masek ezetz esan die”, salatu dute.
Bestalde, Junts Pel Sirekin adostu duten plan sozialak beren programa politikoarekin inolako zerikusirik ez duela ere azaldu dute.
“Plana anbizio handikoa zen, baina hauteskundeen emaitzen ondorioz edo, atzera egin dute, eta Masek berak aitortu du Junts Pel Siren plan soziala proposatu digutela”, kritikatu du.
Nolanahi ere, oraindik 72 diputatu independentista badaudela eta legegintzaldia hastea posible dela azpimarratu du CUPek.
“Artur Masek gaur esandakoak kontuan hartuta, badirudi hauteskunde kanpainaren hasieran gaudela, baina aste hau hauteskunde berriak deitzeko edo konponbidea bilatu eta hauteskundeak ekiditeko baliatu dezakegu”, adierazi dute.
Gauzak horrela, CUPek esan du mugitu direla, “erabaki zail bat hartu dugu, askorentzat mingarria, baina modu demokratikoan eta arduraz hartu dugu”. Eta orain egoerak eskatzen duen mailako mugimendua egitea eskatu dio CDCri.