Politika -

Omenaldia

Isiltasuna eta zirrara M-11ko biktimak oroitzeko ekitaldietan

Ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimak Omentzeko Eguna izendatzea adostu du Diputatuen Kongresuak. Gainera, Aresek ezker abertzaleari eskaera bat egiteko aprobetxatu du eguna.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isiltasuna, malkoak, barnera biltzea eta zirrara izan dira nagusi M-11ko biktimak oroitzeko Madrilen egindako dozena bat ekitaldietan. 192 lagun hil eta 2.000 zauritu izan ziren atentatuetan. Gaur erasoen seigarren urteurrena bete da.

Goizeko lehen orduan Espainiako hiriburuan hotz handia bazegoen ere, politikaren eta justiziaren munduko hainbat pertsona hurbildu dira ''zero kilometro''-ra, eztandetan bizia galdu zuten 192 pertsonak oroitzeko.

Puerta del Sol-eko erlojuak 09:00ak jo bezain pronto, Mozarten "Requiem" doinuak jotzen hasi dira. Une horretan, Esperanza Aguirre Erkidegoko presidenteak; Alberto Ruiz-Gallardon alkateak; eta David Perez, Maru Menendez eta Gregorio Gordo PPko, PSOEko eta IUko bozeramaileek erramu-koro bat jarri dute hildakoen omenezko plakaren aurrean.

Diputatuen Kongresuak aho batez erabaki du gaur ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimak Omentzeko Eguna izendatzea. Ekimena Jose Bono Ganberako presidenteak proposatu du, gaur M-11ko atentatuen seigarren urteurrena dela eta.

Gaurko saioa amaitu eta gero, Bonok hitza hartu du, eta aipatu eguna biktimei zuzentzea proposatu du, "espainiarren artean biktimen oroimena betikotzeko".

Biktimen Egun Europarra

Gainera, gaur Terrorismoaren Biktimen Egun Europarra dela eta, Kongresuak eta Eusko Legebiltzarrak minutu bateko isilunea egin dute.

Bestalde, estortsioaren eta mehatxuen aurrean "argi eta garbi" hitz egiteko exijitu dio gaur Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Adierazpen horiek Portugaleten indarkeriaren biktimen alde burutu duten ekitaldian egin ditu, izan ere, gaur Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna da.

"Azken urteotan askotan entzun diegu indarkeria justifikatu eta babestu egiten duten horiei politika egin nahi dutela esaten", adierazi du. "Politika egin nahi badute, eurak dira erabakiak hartu behar dituztenak, izan ere, hitzontzikeriekin jada ez dute inor konbentzitzen", nabarmendu du.

"Terrorismo ezberdinek hildako biktima errugabe guztiak gogoraraztea eta euren memoria mantentzea oso garrantzitsua" dela azpimarratu du Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimak artatzeko Bulegoko zuzendariak, Donostiako Udalak antolatutako omenaldian

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea