Politika -

PPren proposamena

Eusko Jaurlaritza, biziarteko kartzela zigorra jartzearen kontra

Idoia Mendiak PPri ohartarazi dio "zigorrak gogortzea ez dela bidea". Bestalde, gustura agertu da Portugalen Andoni Zengotitabengoa ETAko ustezko kidea atxilotu dutelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Justizia sailburuak PPk aldarrikatzen duen biziarteko kartzela-zigorra errefusatu du eta ohartarazi dio "zigorrak gogortzea ez dela bidea".

Horrela, Mendiak argi adierazi nahi izan du Gasteizko Gobernuak Zigor Kodearen erreformaren inguruan duen iritzia. Izan ere, terroristen, adin txikikoei gehiegikeriak egiten dizkietenei eta funtzionario ustelei zigorrak gogortzea aurreikusi dute.

Sailburuak gogora ekarri duenez, zenbait herrialdetan zigorrak gogortzeak ez du kriminalitatea haztea galarazi, beraz, "ez da kriminalitate indize baxuagoa bermatzen". Horren harira, Espainiako Estatuak kriminalitate indize baxuenetakoa duela azpimarratu du, nahiz eta presoen kopurua altuenetakoa izan.

"Zigorrak gogortzea ez da bidea eta ez gaude batere ados PPk eta Mariano Rajoyk biziarteko kartzela-zigorraren inguruan duten iritziarekin", gaineratu du.

Mendiak uste du 30 edo 40 urteko kartzela-zigorrek ez dutela "gure arazoa" konponduko, zeren Espainiako Zigor Kodea "ez da mendekuzalea", "presoak gizarteratzea" eta "kartzelara itzul ez daitezen" ahal duena egitea du helburu.

Atxiloketak "poza" sortu die

Mendiak Jaurlaritzaren "poza" agertu du Andoni Zengotitabengoa ETAko ustezko kidearen atxiloketa dela eta. Haren arabera, agerian utzi du ETAk Portugalen eta Frantzian "mugitzen jarraitzen" duela atentatuak egiteko "asmo argiarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea