Politika -

ETA

Aitor Elizaran aske geratu da ANren aurrean agertu eta gero

Hamabost egunean behin bere etxebizitzatik gertuen dagoen epaitegira joan behar du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Elizaran libre geratu da gaur, kautelazko neurriekin, Auzitegi Nazionalean borondatez agertu ostean.

Bere abokatuarekin batera epaitegira joan eta gero, Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak behin-behineko askatasuna aitortu dio, eta honako neurri hauek ezarri dizkio, besteak beste: hamabost egunean behin bere etxebizitzatik gertuen dagoen epaitegian agertzea eta Espainiatik ezin ateratzea.

Auzitegi Nazionaleko José de la Mata epaileak Elizaran, Frantziatik kanporatua izan ondoren, aske geratu zela jakin zuenean, bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen haren aurka.

Orain, Lamela epaileak bertan behar utzi du De la Mataren atxilotze-agindua. Bere esanetan, "egoera aldatu egin da", Elizaran bere borondatez agertu baita, bizileku bat eman du, eta egiteke geratzen ziren eginbideak egin dituzte.

Dena dela, lamelak ohartarazi du, neurri horiek betetzen ez baditu, emandako kautelazko neurriak areagotu egin daitezkeela, eta behin-behineko espetxeratzea agindu.

De la Matak Elizaran atxilotzea agindu zuen, behin atxilotuta gizateriaren aurkako delituagatik epaitua izan zedin, ETAko beste lau kiderekin batera.

Elizaran abenduaren 4an atera zen Frantziako Fleury Merogis espetxetik, eta agintari frantziarrek  zuzenean Espainiara kanporatu zuten, Madrilen lurreratu zen hegazkin batean.

Barajasera heldu zenean, Elizaran aske geratu zen, une hartan ez zegoelako bere aurkako atxilotze-agindurik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Presoak ETA albisteak Eguneko albisteak