Politika -
Auzitegi Nazionala
Atzeratu egin dute Elizaranen deklarazioa Auzitegi Nazionalean
Biktimetako baten aitak epailea arbuiatu ondoren etorri da atzerapena. ETAko buruzagi ohia izatea egotzita, ostiralean izan zen Auzitegi Nazionalean, eta epaileak libre utzi zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak atzeratu egin du Aitor Elizaran ETAko preso ohiak Auzitegi Nazionalean egin beharreko deklarazioa, hain zuzen ere, ETAk hildako guardia zibiletako baten aitak Carmen Lamela kasuko epailea arbuiatu ondoren. Haren esanetan, Carmen Lamelak faborezko tratua eman dio Elizarani eta ez da inpartziala Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak ETArekin negoziatu zuen garaian presidentearen aholkularia izan zelako.
Carlos Saenz de Tejadak, ETAk 2009ko uztailaren 30ean Palmanovako kuartelean hil zuen guardia zibilaren aitak, errekusatze-intzidentea aurkeztu zuen ostiralean eta, gaur asteartea, eskaera horrekin bat egingo du Saenz de Tejedaren atentatu berean hil zen Diego Salvaren aitak.
Saenz de Tejadak azaldu duenez, bera eta Salva "beldur" dira Carmen Lamela inpartziala ez izatea; alabaina, ez zuten horrelakorik sentitu auzia Javier Gómez Bermúdez, Eloy Velasco edota Juan Pablo González epaileen esku egon zenean.
Aitor Elizaran ETAko preso ohia Auzitegi Nazionalera joan beharko da gaur, haren kontra gizateriaren aurkako delituengatik abiatutan auziaren baitan deklaratzera.
ETAko buruzagia izan omen zena deklaratzera deitu du Carmen Lamela epaileak. Auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez, Fiskaltzak ez du kartzelatzeko eskatuko. Akusazioek, bai, ordea.
Ostiralean izan zen Elizaran Auzitegi Nazionalean, abokatuak lagunduta bere kabuz joana. Epaileak baldintzapean aske utzi zuen. Hamabostean behin etxetik gertuen duen epaitegira sinatzera joan beharra eta Espainiako Estatutik irteteko debekua ezarri zion epaileak.
Elizaran 2009an atxilotu zuten Frantzian, eta sei urte eman ditu kartzelan. Frantziako Gobernuak 2015eko abenduan Estatutik kanporatu zuen, behin zigorra beteta.
Urrian, haren eta ETAko ustezko beste lau buruzagiren kontrako auzia abiatu zuen Auzitegik Nazionalak, gizateriaren kontrako delituak egotzita. Bost atentatutan parte hartzea leporatu diote Elizarani: Luis Conde brigadaren, Inaxio Uria enpresaburuaren, Eduardo Puelles Espainiako Polizia inspektorearen eta Carlos Sanez de Tejada eta Diego Salva guardia zibilen kontrakoa, hain zuzen.