Politika -

Atxiloketa

Xabier Agirre gasteiztarra atxilotu eta espetxeratu dute

Auzitegi Nazionalak sei urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zion, eta Auzitegi Gorenak oraindik ez du eman helegitearen inguruko ebazpenik.

eitb.eus | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Agirre gasteiztarra atxilotu eta Soto del Realeko (Madril) espetxean sartu dute, Hala Bedi Irratiak eta Gasteizko Harresiak jakitera eman dutenez. Agirrek sei urte eta erdiko kartzela-zigorra jaso zuen Auzitegi Nazionalean, eta Auzitegi Gorenak oraindik ez du eman helegitearen inguruko ebazpenik.

Agirre 2011n atxilotu zuten Belgikan, Ventura Tome iheslariarekin batera. Gaztea baldintzapeko askatasunaren egoera berrikustera joan da, eta epaileak espetxeratzea agin du, Gorenak oraindik ebazpen irmorik eman ez duen arren.

Eleak mugimenduak elkarretaratzea deitu du biharko, 19:00etan, Gasteizko Andramari Zuriaren Plazan, atxiloketa salatzeko.

Sorturen erantzuna

Ohar batean, Sortuk esan du Agirrek "bete" egin zuela "zain zuen auzia", eta, aske geratu ostean, Auzitegi Nazionalak beste delitu bat egotzi ziola (talde terroristako kide izatea), "iheslarien kolektiboarekin zuen harremanagatik eta Belgikan iheslari batekin batera bizitzeagatik".

Horren ildotik, alderdi abertzaleak salatu du epaia irmoa ez den arren eta defentsak helegitea iragarri arren kartzelatu dutela.

Sorturen esanetan, ebazpena "neurrigabea" da eta "mendekua" du helburu. Izan ere, Agirrek ez du kautelazko neurririk, eta, hala ere, "epaitegira bertaratu da eskatu zaionean, gaur goizean, kasu".

Azkenik, alderdiak elkartasuna adierazi die presoaren senideei, eta Gasteizko elkarretaratzearekin bat egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Araba Auzitegi Gorena Presoak bideoak Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa