Politika -

Ertzain gehiago eskatu dituzte

Ertzaintzaren irudiari kalte egitea egotzi diote sindikatuek Aresi

Beste polizia batzuekin absentismoaren alderaketa egitea "ezinezkoa" dela ohartarazi du Erne sindikatuak. Bestalde, Aresen "dimisioa" eskatu du Esan sindikatuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erne, ELA, CCOO eta Esan Ertzaintzaren Kontseiluko sindikatuek langileen kopurua handitzea eskatu dute gaur eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari Ertzaintzaren irudiari kalte egitea egotzi diote, egunero 900 agente lanera ez direla agertzen esan zuenean.

Otsailaren 19an, Ertzaintzaren absentismo tasa "oso handia" zela esan zuen Herrizaingo sailburuak Legebiltzarrean, % 12koa, eta egungo baliabideak "arrazionalizatzea" proposatu zuen, polizia kopurua handitu baino lehen.

Adierazpenak ikusita, Ertzaintzako sindikatuen agerraldia eskatu zuen EAJk.

Sindikatuak

Beste polizia batzuekin absentismoaren alderaketa egitea "ezinezkoa" dela ohartarazi du Roberto Seijo Erne sindikatuko bozeramaileak, zenbaketak eta baldintza sozio-politikoak ezberdinak direlako.

Herrizaingo sailburuak zuzentzea eskatu du Pedro Rodrigo ELAko bozeramaileak eta "min egiteko borondatearekin" datuak "desitxuratzea" egotzi dio, izan ere, gaixotasunak eta lan-istripuak "beste lizentzia" batzuekin batu ditu.

Eneko Urkijo Esan sindikatuko idazkari nagusiak Aresen "dimisioa" eskatu du, datu "okerrak" eman dituelako, baina Herrizaingo Sailarekin kolaboratzeko borondatea agertu du absentismo indizeak jaisteko. Lan "zaila" izango dela aurreratu du Urkijok.

Ertzain "alferren" irudi bat eman du Aresek eta erakundeari "kalte" egitea leporatu dio Roberto del Agua CCOOko bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea