Politika -

Eusko Legebiltzarra

EAJ alderdiekin bilduko da autogobernuaren alorrean itunak bilatzeko

Gaurko bileraren ostean, EH Bilduk ez du adierazpenik egin, baina Unai Urruzuno legebiltzarkideak astelehenean aurreratu zuen badela oinarririk gutxienekoak jasoko dituen akordio bat lortzeko.

Autogobernurako lantaldea, aurreko bilera batean. Argazkia: EiTB
Autogobernurako lantaldea, aurreko bilera batean.
Autogobernurako lantaldea, aurreko bilera batean. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk aldebiko harremanak abiatuko ditu Eusko Legebiltzarreko gainerako taldeekin Gernikako Estatutua erreformatzeko proposamenaren inguruan akordioak bilatzeko asmoz, Autogobernurako Lantaldea egiten ari den lanaren harira.

1978ko Gernikako Estatutua aldatzeko taldeek egin dituzten proposamenak aztertzeko fasean sartu da lantaldea.

Gaurko bileraren ostean, EAJko iturriek azaldu dute aldebiko bilerak jarriko dituztela abian akordioak bilatzeko asmoz.

Horren harira, Anton Danborenea PPren legebiltzarkideak ohartarazi du "oso zaila" izango dela lantaldetik adostasuneko proposamen bat ateratzea, "joko arauak errespetatzen ez dituzten alderdiak" daudelako, EH Bilduren kontsulta legearen proposamenari erreferentzia eginez. Izan ere, bihar aintzat hartuko du proposamen hori Legebiltzarrak, EAJren aldeko botoekin.

EAJk eta EH Bilduk nahi dutena Konstituzioa erreformatzea baldin bada, 'Ibarretxe Plana'ren tankerakoa, ez dela aurrera aterako azpimarratu du PPren ordezkariak.

EH Bilduk ez du adierazpenik egin gaurko bileraren ostean, baina Unai Urruzuno legebiltzarkideak astelehenean aurreratu zuen badela oinarririk gutxienekoak jasoko dituen akordio bat lortzeko, legegintzaldia amaitu aurretik lotzea zaila izango bada ere.

Bestalde, Gorka Maneirok (UPyD) prentsa-ohar baten bidez berretsi du amaierara arte defendatuko dituela bere proposamenak, eta EH Bildu eta EAJ horien kontra egoteak "bide onean" doazela esan nahi duela iritzi dio.

Lantaldea azken fasean sartu da legegintzaldia amaitzerako (urrirako, ziurrenik) Estatutuaren erreformarako oinarri politikoa, ekonomikoa eta soziala adostua izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ UPyD Eusko Legebiltzarra bideoak EAE albisteak EH Bildu Nafarroa Euskadiko PP bideoak Albisteak