Politika -

Auzitegi Nazionalak

Absolbitu egin dituzte Aznar hiltzen saiatzea egotzi zieten laurak

Fiskaltzak 72 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen horien aurka.

Auzipetuetako bi, epaiketako une batean. EFE
Auzipetuetako bi, epaiketako une batean. EFE
Auzipetuetako bi, epaiketako une batean. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu 2001ean misil-jaurtigailu bat erabiliz Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko orduko presidentea hiltzen saiatzea egotzita epaitutako lau pertsonak, horien aurkako froga nahikorik ez dagoelako.

Epaian, lau auzipetuetako bat, Luis Ignacio Iruretagoyena, ETAko kide dela baino ez du eman frogatutzat Zigor Aretoko lehen atalak, baina akusazio horrekin dagoeneko Frantzian kondenatu zutenez, ezin izan dio berriz zigorra ezarri.

Gainerako hiru auzipetuei (Pedro Maria Olano Zabala, Gregorio Jimenez Morales eta Juan Maria Mugika Dorronsoro) dagokienez, atentatu saiakeran parte hartu zutela ebazteko froga "bakar bat ere" ez dagoela esan dute epaileek.

Fiskaltzak 72 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen lauren kontra. Horren esanetan, ETAk Aznar hiltzea erabaki zuen, 2001eko maiatzaren 13ko hauteskunde autonomikoen kanpainan gobernuburu ohia EAEra hainbatetan etortzekoa zela aprobetxatuta. Hirutan saiatu ei zen ETA, baina misi-jaurtigailuak huts egin zuen.

Epaileek azaldu dute egia dela ETAk bi misil izan zituela, baina auzipetuen kontrako daturik ez dagoela berretsi dute.

2009ko maiatzaren 25ean Gara egunkariak publikatutako elkarrizketa batean, ETAko bi kidek aitortu egin zuten hirutan saiatu zirela Aznaren aurka misilak jaurtitzen. "Tamalez, ekintzek ez zuten helburua bete", gaineratu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Berriak Politika ETA gaur Epaiketak argazkiak Gaurko azken ordukoa