Politika -
Porrota hauteskundeetan
Baliteke Sarkozyk aldaketak egitea gaur bere Gobernuan
Eskualde hauteskundeetan porrot egin eta gero, baliteke Frantziako presidenteak ezkerretik gertu dauden Estatu idazkariak kentzea Gobernutik.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy presidentea François Fillon lehen ministroarekin batzartu da gaur, haren alderdiak (UMP) eskualde hauteskundeetan izandako porrotaren aurrean nola erantzun aztertzeko.
Atzo egindako bigarren itzuliaren ostean, ezkerrak 26 eskualdetako 23tan gobernatuko du, eta Sarkozyren alderdiak hirutan baino ez.
Adituek uste dute Sarkozyk aldaketak egingo dituela bere Exekutiboan, eta baliteke gaur bertan ematea jakitera.
Aldaketa nagusia ezkerrean ibilbidea egin duten Estatu idazkariak kentzea izango da.
Hain justu, Jean-François Cope UMPk Asanblea Nazionalean duen taldeko presidenteak ezkerrera hurbiltzeko politikak amaitzeko deia egin du gaur bertan. Bere ustez, euren boto-emaileek protesta egin dute atzoko hauteskundeetan politika horren aurka, eskuin muturreko Fronte Nazionalari bozkatuz edo abstenzioaren alde eginez.
Baina Sarkozyk beste kontu bat argitu beharko du, hots, hauteskundeetan parte hartu eta porrot egin duten zortzi ministroek Gobernuan jarraituko duten.
Erreformek, aurrera?
Sarkozyk bere erreformekin jarraitu, moteldu edo bertan behera utziko dituen ere zalantza da. Erreforma nagusiarekin, pentsio sistemarenarekin hain zuzen ere, aurrera egingo dutela ziurtatu dute behin baino gehiagotan, baina polemika handia piztu duten beste neurri batzuk, CO2 isurietan zergak jartzeko proiektua kasu, baliteke bertan behera geratzea.
Atzoko bigarren itzulian, Alderdi Sozialistak bat egin zuen ekologistekin eta komunistekin, eta batera botoen %54 lortu zituzten.