Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Fiskaltzak 95 urteko kartzela zigorra eskatuko du Gogeaskoetxearentzat

Gaur hasiko da Eneko Gogeaskoetxearen kontrako epaiketa Auzitegi Nazionalean, 1997an Bilbon ertzain bat hiltzea egotzita.

Eneko Gogeaskoetxea. Artxiboko irudia: EFE
Eneko Gogeaskoetxea. Artxiboko irudia: EFE
Eneko Gogeaskoetxea. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasiko da Eneko Gogeaskoetxearen kontrako epaiketa Auzitegi Nazionalean, 1997ko urriaren 13an Jose Maria Aguirre Larraona ertzaina Bilbon hiltzea egotzita; hain zuzen ere, Guggenheim museoaren inaugurazioa zela eta Espainiako erregeak Bilbo bisitatu baino egun batzuk lehenago izan zen atentatua.

Epaiketan fiskalak 95 urteko eta 5 hilabeteko kartzela zigorra eskatuko du Gogeaskoetxearentzat. ETAren aparatu militar eta logistikoko buruzagietako bat izatea leporatzen diote.

Akusazioaren idatziaren arabera, Gogeaskoetxeak eta Kepa Arronategik (dagoeneko epaitu dute horregatik) Katu komandoa osatzen zuten.

Fiskalaren esanetan, biek Espainiako erregea hiltzeko agindua jaso zuten, Guggenheim museoaren inaugurazioa zela eta Juan Carlos I.ak Bilbora egitekoa zuen bisita tarteko, "betiere Estatuaren aparatuarekin zerikusirik ez zuten pertsonak arriskuan jartzen ez bazituen".

Fiskalaren arabera, "ETAk lehergaiak eta armak helarazi zizkion akusatuari, antza, hiru loreontzi prestatu eta museoko sarrera nagusiko eskaileren ondoan jartzeko".

Aipaturiko kontakizunarekin jarraituz, "urriaren 13an Gogeaskoetxeak eta Arronategik loreontziak furgonetan sartu zituzten, eta Guggenheim museora joan ziren. 16:00ak aldera, loreontziak ibilgailutik ateratzen ari zirela, bi ertzainek ustekabean harrapatu zituzten, eta akusatuak Jose Maria Aguirre Larraonari tiro egin zion bularraldean, heriotza eraginez".

Gogeaskoetxeak ihes egin zuen, eta Arronategi, ostera, atxilotu egin zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Presoak bideoak ETA gaur Epaiketak argazkiak Gaurko azken ordukoa