Politika -

Udalak

EAJk eta EH Bilduk Udal Legearen zati handi bat adostu dute

Hala eta guztiz ere, gainditzeke geratu da oztopo handiena izan daitekeena, udalen finantziazioarena, hain zuzen ere.

Andoaingo udaletxea. Argazkia: EiTB
Andoaingo udaletxea.
EAJk eta EH Bilduk urratsak eman dituzte udal legea aurrera ateratzeko

1:00

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Legebiltzarreko Udal Lege proiektuaren zati handi batean (Legebiltzarreko lantalde batean ari dira gaia aztertzen), baina datorren asteetarako utzi dute oztopo nagusia izan daitekeena, udal finantzazioari dagokiona.

Eudel Euskal Udalen Elkartearen gobernu organoetan koalizio abertzaleko kideek parte hartze aktiboa izateko bi alderdiek ituna egin duten aste brean iritsi da gaurko akordioa.

EAJren Legebiltzarreko iturriek azaldu dutenez, aurreko azaroan txostena helarazi zieten alderdi guztiei oposizioak sartutako zuzenketak aintzat hartuta, gainerako Legebiltzarreko taldeek ekarpenak egin zitzaten.

Aipatu iturriek adierazi dute EH Bildu izan dela negoziazio eskaintzari baiezkoa eman zion bakarra, eta azkenean lege proiektuaren lehenengo sei puntuen idazketa adostu dute, eta gainerako alderdien zuzenketak ere sartu dituzte.

Hori horrela, EAJk eta EH Bilduk udal mailan "euskararen erabilera orekatuagoa" izatea adostu dute, eta akordioak egin dituzte udaleko zuzendaritzako langileen, udal eskumenak blindatzearen, eta herritarren parte-hartzea eta gardentasuna bermatzearen inguruan.

Hala eta guztiz ere, negoziatzeke geratu da testuaren puntu nagusietako bat, udalen finantzazioari buruzkoa, alderdiek iritzi desberdinak baitituzte.

Horren harira, EH Bilduren Legebiltzarreko taldeak aitortu du gaurko akordioa "aurrerapausoa" dela proiektuaren puntu "garrantzitsuetan".

Koalizioak berretsi du akordioak lortzen jarraitzeko "borondatea" duela Legebiltzarrak legea onar dezan, baina gogorarazi dute udal finantzazioaren oztopoa gainditzeke dagoela, oraindik ez dituztelako iritziak bateratu.

Lantaldearen hurrengo bilera otsailaren 23an izango da. EAJk uste du negoziazioek aurrera jarraitzen badute data horretarako lantaldeak behin betiko txostena ados dezakeela.

2014ko azaroaren onartu zuten proiektua, eta helburu nagusietako bat udalei autonomia handiagoa ematea eta finantzazioa bermatzea da.

Era berean, udalek Euskal Finantzen Kontseiluan eta Zerga Koordinaziorako Erakundean ahotsa eta erabakimena edukitzeko aldarrikapen historikoa jasotzen du.

EAE da Espainiako Estatuko erkidego bakarra alor horretan araudirik ez duena, eta hau da azken legegintzaldietan egiten duten hirugarren ahalegina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra albisteak EAE albisteak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak