Politika -
Batzar Nagusia Iruñean
EAJk dokumentu politikoa onartu du, Iruñeko Batzar Nagusian
Jeltzaleek datozen lau urteotarako ildo politikoa zehaztuko dute asteburuan eta, aldi berean, Andoni Ortuzar presidentea eta EBBko zuzendaritza berretsiko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) VII. Batzar Nagusiak "Batasuna eta indarra" dokumentu politikoa onartu du gaur Iruñean. Boto eskubidea zuten 325 lagunetatik 318k alde bozkatu dute, 4k kontra eta beste hiruk, berriz, abstentziora jo dute. Aipaturiko dokumentuak jeltzaleen datozen lau urtetako ildo politikoa zehaztuko du.
EAJ Batzar Nagusia egiten ari da asteburu honetan Iruñeko Baluarte Jauregian "Guztiok bat" lelopean. Bihar, igandea, EAJren EBBko presidentea eta EBBko zuzendaritza berretsiko dute.
EAJk Iruñera eraman du lau urtetik behin egin ohi duen batzarra. Ez da halabeharrez hartutako erabakia izan; izan ere, klandestinitatetik atera ondoren alderdiak 1977an Iruñean egin zuen Batzar Nagusia ekarri nahi izan dute gogora jeltzaleek.
Koldo Mediavilla EAJren EBBko idazkariak dokumentu politikoari buruzko azalpenak eman ditu prentsaurrekoan. Haren esanetan, gaur onarturiko dokumentua "Euskadiren autogobernuan pauso berri bat ematera zuzenduta dagoen bide orria" da, eta EAJren datozen lau urtetako ildoa zehaztuko du.
Mediavillak azpimarratu duenez, hauek dira dokumentu politikoaren "funtsezko ildoak": Euskadiren nazio izaeraren aitortza, estatu espainiarrarekiko harremanetan aldebikotasuna eta erabakitzeko eskubidea. Azken horri dagokionez, erabakitzeko eskubidea aitortzea, aplikatzea eta marko juridikora gehitzea aldarrikatzen dute jeltzaleek.
Halaber, aipaturiko dokumentuak beste bi ildo ere zehazten ditu: erakundeekiko aldebikotasuna eta euskal erkidegoari dakiokeen boterea. Halaber, Euskal Herriaren baitan dauden erabakitzeko eremu ezberdinak aitortzen ditu.
Guztira, 390 zuzenketa aurkeztu dizkiote dokumentu politikoari eta horietatik 140 onartu egin dira.
Bestalde, EAJren estatutuen aldaketa txiki bat onartu dute, estatutuak Alderdi Politikoen Finantzaketa Legera egokitu behar izan direlako.
Gaurko Batzar Nagusian 600 pertsonak eman dute izena eta, Mediavillaren hitzetan, "hori da EAJren gorputza ordezkatzen duena".
Bihar, igandea, EAJren EBBko presidentea -Andoni Ortuzar- eta zortzi burukideak berretsiko dituzte batzarrean: Koldo Mediavilla, Joseba Aurrekoetxea, Mikel Burzako, Ana Esther Furundarena, Mireia Zarate, María Eugenia Arrizabalaga, Iñaki Txueka eta Kepa Aldama. Aukeratua izan ondoren, Andoni Ortuzarreak hitzaldia eskainiko du.
Eutanasia eta lagundutako suizidioa legeztatzea defendatu du EAJk
Dokumentu politikoa onartu ondotik, kultura, ekonomia, osasuna, berdintasuna eta ongizateari buruzko sei jakinarazpen irakurri eta ebaluatu dituzte jeltzaleek, tartean, Gizarte segurantza sistema propioari, eutanasiari eta lagundutako suizidioari, eta kirolari buruzkoak.
Alderdiko zuzendaritzak nabarmendu duenez, "beharrezkoa eta aproposa da" EAJk eutanasiari eta lagundutako suizidioari buruzko jarrera zehaztea, hain justu, Eusko Legebiltzarrean gaiari buruzko lege proposamen bat aurkeztu denean.
Testuinguru horretan, eutanasiaren eta suizidio lagunduaren despenalizazioa lortzeko eztabaida proposatzen du EAJk, beti ere, baldintza batzuk betetzen badira. Gaixotasun terminala edota larria eta itzulezina duten gaixo helduak izatea eta horiek eskaera idatziz, "inork behartu gabe eta modu kontzientean", beren medikuari egitea zehazten du EAJk.
EAJren Galdakaoko udal taldeak "genero ikuspegia" barneratzea eskatzen dio zuzendaritzari, "gizon eta emakumeen arteko berdintasunik gabe ezin baita benetako demokraziaz hitz egin".
Bestalde, EBBk kirolari buruzko jakinarazpen bat aurkeztu du, kirolari profesionalak eta herritarren kirol jarduera aipatuz, bereziki, gazteak, emakumeak eta adinekoak aintzat hartuta.
Gizarte segurantza sistema propioa
Asteburuko batzarrean gizarte segurantzarekin lotutako dokumentu bat ere defendatuko du EAJk. Datozen urteetan eztabaidagai nagusietako bat izango da: euskal gizarte segurantza sistema bat beharrezkoa al da? Jeltzaleek baietz uste dute. Azken bi urteetan aztertutako datuak oinarri hartu ditu EAJk ondorio horretara heltzeko.
Epe ez oso luzera gertatuko den kolapsoaren eta defizitaren aurrean gizarte segurantza sistema erabat aldatzea beharrezkoa dela uste du EAJk.
"Sistema agortzen" ari dela ohartarazi dute jeltzaleek testuan. "Pentsioak murrizteko mehatxua" benetakoa dela gaineratu dute. Horregatik, "etorkizunari aurrea hartzeko", formula berriak planteatzea beharrezkoa dela uste du EAJk.
Zentzu horretan, gizarte segurantza eredu propio bat garatzeko eskura dituen “tresna guztiak” erabiltzea proposatzen du EAJk. Horrela, eredu berria EAEn eta Nafarroan martxan jarri nahi dute jeltzaleek.
Sistema berria bi fasetan gauzatzea proposatu dute jeltzaleek. Aurrena, gizarte segurantzako erregimen ekonomikoaren transferentzia lortu, eta bigarrena, sistemaren kudeaketa eta legedia guztiz kontrolatzea. Horretarako, agentzia publiko bat sortzea planteatu du EAJk: Lagunkidetza.