Politika -
Iritziari eutsi egin dio
"Tregoa tranpa"ren garaian ere ez zegoela frogarik esan du Orejak
Rajoyren ustez, "Mayor Orejaren hitzak entzun egin behar ditugu", arlo honetan duen "ezagutza maila handiagatik". Rubalcabak esan duenez, ETArekin elkarrizketa prozesua irekitzea "baztertuta dago".
Erredakzioa
Jaime Mayor Oreja Barne ministro ohiak, EAJk, Lizarran, "ETAri besarkada eman zionean, "tregoa tranpa egon zenean" edota, aurreko legegintzaldian, Espainiako Gobernuak eta ETAk "negoziaketaren lehen zatia egin zutenean froga frogagarririk ere ez zela egon" azpimarratu du gaur. "Frogak ez dira egoten", azpimarratu du.
Atzo, Mayor Orejak hitz polemikoak bota zituen hitzaldi batean. Bere ustez, Zapateroren Gobernuak ETArekin negoziaketa berria hasi du. Gaur, Cope Irratian, bere harridura azaldu du adierazpen horiek sortarazi zituzten erreakzioen aurrean. Egoeraren analisia besterik ez zuela egin azpimarratu du.
Mayor Orejaren adierazpenei erantzuteko, Alfredo Perez Rubalcaba Barne Ministroak esan du, ETAren aurkako borrokan, PPri "informazio sakona" helarazten diotela. Bere hitzetan, ETArekin elkarrizketa prozesu berria hastea "erabat baztertuta dago".
"Espainiako demokrazia ez da berriz saiatuko", azpimarratu du.
Polemika honi buruz ere Mariano Rajoy PPko burua aritu da. Bere esanetan, alor honetan duen "ezagutza maila altua" dela eta, "Mayor Orejaren hitzak entzun behar ditugu". Horrez gain, popularrek Espainiako Gobernuari babesa emango diotela esan du, beti ere ETArekin negoziatzen ez duten bitartean.
Zapateroren Gobernuak ETArekin izandako negoziaketa gogora ekarri du Rajoyk. Gaur goizean, Maria Dolores Cospedal Alderdi Popularreko idazkari nagusiak azaldu duenez, bere alderdiaren zuzendaritzak ez du Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioen "bigarren atalaren" frogarik.
Jose Maria Aznarren hitzetan, Mayor Orejak "orain arte arrazoia izan du".
"Mayor Orejak ez dio ETAren bukaera elkarrizketatuari adore eman; era berean, ez ditu asmatu zenbait talderen harremanak, itunak, bisitak eta bilerak".
"Oso garrantzitsua da ministro ohiak esaten duenari adi egotea eskarmentu handiko pertsona delako", adierazi du Aznarrek. Ildo horretan, "ziur egon gabe hitz egiten ez duen pertsona" dela esan du eta "arrazoia duen edo ez laster ikusiko" dugula gaineratu du.
Bestalde, Mayor Orejaren adierazpenak salatu ditu PSOEren ordezkaritzak Europako Parlamentuan. Adierazpenak "faltsuak dira eta bakarrik kalte egitea nahi dute", sozialisten arabera. Eurodiputatuei komunikatu bat bidali diete sozialistek hizkuntza ezberdinetan, Mayor Orejaren hitzen berri emateko. Adierazpen horiek "gezurrez" beterik daudela uste dute sozialistek.