Politika -

2011ko udal hauteskundeak

Gobernu zentralak Alderdien Legea aldatuko du aurten

"Norbaitek pasatzea lortzen baldin badu, horren kontra egin ahal izateko mekanismoak" aztertuko dituztela adierazi du Gaspar Zarrias Lurralde Lankidetzarako estatu-idazkariak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdien Legea, Hauteskundeen Lege Organikoa (LOREG) eta gobernu lokaleko lege berria aldatzeko proposamenak egingo ditu Espainiako Gobernuak "laster, indarkeria babesten duen horrek" hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik ez izateko, Gaspar Zarrias Lurralde Lankidetzarako estatu-idazkariak iragarri duenez.

"Gobernuaren erabakia hartuta dago, presidenteak argibide zehatzak eman dizkie Exekutiboko gainerako kideei, alderdi eta hautagaien sarrera ekiditeko", azaldu du Zarriasek. Ministroen Kontseiluak txosten bat aztertuko du bihar. Txostenean proposatzen diren neurri berriak agertzen dira.

Esan duenez, "norbaitek pasatzea lortzen baldin badu, eta egiaztatzen badute, horren kontra egin ahal izateko mekanismoak" aztertzea da Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak emandako agindua.

Momentuz, Gobernua "barne lana" egiten ari da Barne, Justizia eta Eskualde Politika ministerioen artean, Zarriasen hitzetan. "Gero, jakina, legean egin beharreko aldaketak direnez, negoziaketa mahai gainean jarri beharko dute", erantsi du. Aldaketak ekaina baino lehen talde politiko guztiei aurkeztu ahal izatea espero du Zarriasek.

Alderdien Legearen erreformaren xehetasunak ez ditu aurreratu izan nahi (Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak eskatu bezala), baina Gobernuak egin dezakeen guztia egingo duela errepikatu du Zarriasek. "Goiz da oraindik, tentsio handiko gai bat da", argudiatu du.

Hala ere, mekanismo batzuek Espainiako Konstituzioaren 23. artikuluaren kontra talka egin dezaketela onartu du, izan ere, herritar guztiek berdintasunez kargu publiko batera heltzeko aukera izan behar dutela ezartzen du artikuluak, baina "legeek ezartzen dituzten baldintzen pean", erantsi du Zarriasek.

Mendia

Erakundeak "estrategia terroristen mesedetan" ez erabiltzeko Gobernu zentralak abian jarriko dituen aldaketekin bat egin du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, hauteskundeetan ETAren indarkeria "babestuko" duen zerrendarik ez izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea