Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Etxezarreta: "Ez naiz behar bezain mimatua sentitu"
Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohiak onartu du nahiago izan duela "etxean gelditu, gogoz kontra aritu beharrean". "Ez da sakoneko desadostasunik izan", azpimarratu du.
Erredakzioa
Ramon Etxezarreta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohiak, iragan astean dimisioa eman zuenak, onartu du ez dela "behar bezain mimatua sentitu" sailburuordetzan lan egin duen bitartean eta nahiago izan duela "etxean gelditu, gogoz kontra aritu beharrean".
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean Etxezarretak adierazi duenez, dimisioa emateko erabakian "pisua izan dute inguruko faktoreek", izan ere, "denak bat ez datozenean, indargabetzen joaten zara". Hala ere, esan du kontua ez dela "errua beste bati botatzea".
Dimisioa ematearen arrazoia lan-taldearen lan egiteko modua izan omen da: "Lan egiteko estiloak dira. Oso estilo pertsonala dut, ohitura jakin batzuetakoa. Ez da haserrerik eta liskarrik egon, baina automatismoak behar izaten ditut, hitzik gabe elkar ulertu, eta hori egin zait zaila. Beraz, gogoz kontra aritu beharrean, nahiago izan dut etxean gelditu".
Etxezarretak azpimarratu du ez dela "sakoneko desadostasunik egon", baina onartu du Hizkuntza Politikarako sailburuordetza "zehar sail bat" dela, "eta batzuetan paralelismo ez oso egokiak sortzen ditu Sailaren barruan. Ez naiz behar bezain mimatua sentitu".
Etxezarreta ordezkatuko duena, Lourdes Auzmendi, "oso langile handia eta nekaezina" dela goraipatu du.
Euskara, bakea lortzeko
Euskarak bakea lortzeko jokatzen duen papera azpimarratu du Etxezarretak: "Ibilbide politikoan bakea izan dut helburu. Euskararen munduak ekarpen handia egin diezaioke bakeari. Demokraziaren jokoan sartzen badugu, bakegintzari egin diezaiokegun ekarpen handienetakoa da. Helmugatik gertu bizikletatik erori naizela iruditzen zait".