Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Pastor: "Currinen proposamena erabili dugu eta porrot egin zuen"
Horrez gain, Alderdien Legearen erreforma baloratu du eta EAJren jarrera kritikatu du, "eurak baitira" ezker abertzalea hauteskundeetan ez egoteari "etekina ateratzen diotenak".
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSEk Legebiltzarrean duen bozeramaileak uste du atzo Brian Currin bitartekari hegoafrikarrak aurkeztutako proposamena "iraganean" erabilitakoa dela eta porrot egin zuela.
Radio Euskadin egindako elkarrziketan, nazioarteko hainbat lagun ezagunek atzo Europako Parlamentuan egindako adierazpenari buruz hitz egin du. Proposamen horretan, besteak beste, ETAri nazioarteko batzorde independente batek ikuskatuko lukeen "su-eten iraunkorra" aldarrikatzea eskatzen zaio. Buruzagi sozialistak esan du ETAk iraganean "su-eten iraunkorra" ezarri duela, baina ondoren Barajaseko atentatuarekin amaiera eman ziola ekarri du gogora. Gauzak horrela, Pastorren iritzian, dokumentu horrek "borondatea" erakusten du, baina "ez du ibilbiderik".
Nazioarteko eragileek ezker abertzalearen hausnarketa eta ondorioak goraipatzen dituela eta, Pastorrek nabarmendu du alderdi politiko gehienek "gutxiegitzat" jo dutela eta ezker abertzalea ez zela gai izan ETAk Frantzian egindako hilketa gaitzesteko. "ETAri ezarri beharreko exijentzia maila eta baldintza moralak igo behar dira, behin eta berriro mahai gainean jarri zaizkion aukerak mespretxatu baititu", azaldu du. Kritikak EAJri eta Mayor Orejari
Bestalde, PSEko buruzagiak esan du Alderdien Legeak ETAren inguruko mundua ahultzen lagundu duela eta erreformaren kontra EAJk egindako kritikak salatu ditu, izan ere, "eurak baitira" ezker abertzalea hauteskundeetan ez egoteari "etekin handiena ateratzen diotenak".
Jaime Mayor Orejak egindako adierazpenak (ETA eta Gobernua negoziatzen ari direla esan zuen) "lotsagarritzat" jo ditu, baina pozik agertu da Alderdi Popularraren babesik gabe egin dituelako.