Politika -
Otsaileko CIS inkesta
Ustelkeria kezka iturri duten herritarren kopuruak, gora, otsailean
Zortzi puntu igo da eta herritarren bigarren kezka iturria da, langabeziaren atzetik (% 78k lehen arazotzat dute)
Agentziak | Erredakzioa
CIS ikerketa zentroak egindako azken galdeketaren arabera, langabezia da Espainiako Estatuak duen arazorik handiena, herritarren % 78ren ustez. Dena den, nabarmentzekoa da ustelkeria politikoa aipatu duten lagunen kopuruak otsailean izandako gorakada (8,3 puntu egin du gora eta herritarren % 47,5ek aipatu dute).
Otsailaren 1aren eta 11ren artean egin zuten galdeketa, Valentziako ustezko ustelkeria azalarazi zuen 'Taula operazioa'ren ondorengo egunetan eta Sanchez inbestidurarako hautagai zela jakin ostean.
Alderdiak gobernua aukeratu ezinda egoteagatik apenas arduratzen dira herritarrak, CIS inkesta etxeak kaleratutakoaren arabera. Herritarren % 1,4k bakarrik aipatu dute auzia, Kataluniako prozesuak bezainbeste.
Azken hilabetean gora egin du, bestalde, egoera politikoak eta ekonomikoak txarrera egin duela diotenen kopuruak.
Herritarren % 43,3ren ustez, egungo egoera politikoa iazkoa baino txarragoa da eta are okerragoa izango 2017an % 21,3ren aburuz. % 9,2k bakarrik uste dute egoera hobea dela eta datorren urteari begira baikor direnak % 19,2 dira.
Egoera ekonomikoari dagokionez, "txarra edo oso txarra" dela uste dute herritarren % 64,6k. Aurreko hilabetearekin alderatuta, hazi egin da hala diotenenen kopurua, eta azken hilabeteetako joera irauli. Galdetutakoen % 3,6k bakarrik uste dute egoera ekonomikoa ona dela.