Politika -

Aste Santua bukatzean

Bilera egingo dute EAJk eta PPk ekonomiaz eta Urdaibaiz aritzeko

Aste Santua bukatu eta berehala egingo dute bilera. Hamar bat puntuko gai ordena eramango du popularren buruak bilerara, EAJrekin "hitzarmenak lortzeko xedearekin".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak eta Antonio Basagoiti PPko buruak bilera berri bat egingo dute datozen egunetan, Urdaibaiko Guggenheim Museoaz eta ekonomiaz hitz egiteko helburuarekin.

Basagoitik Efe agentziari azaldutakoaren arabera, Aste Santua bukatu eta berehala egingo dute bilera. Hamar bat puntuko gai ordena eramango du popularren buruak bilerara, EAJrekin "hitzarmenak lortzeko xedearekin".

Besteak beste, Urdaibaiko Guggenheim Museoa, Gipuzkoako azpiegiturak (tartean Pasaiako portua) edota gai ekonomikoak (enpresa txiki eta ertainei eta langile autonooei eman beharreko laguntzak, besteak beste) jarriko ditu mahai gainean Basagoitik.

"Hau da Urkullurekin hitz egin nahi dudana. Berak beste gairen bat jorratu nahi badu, jorratuko dugu", azaldu du Basagoitik.

"EAJrekin elkar ulertzen bagara, ikusiko dugu nola sar dezakegun PSE akordio hauetara, kanpoan utzi gabe, eta gutxiengo batekin isolatu gabe. Hala ere, oraindik goiz da horretaz hitz egiteko", gaineratu du.

Guggenheim proiektuari buruz, gaur egun "ez Lopezen Gobernuarekin eta ezta EAJko Bizkaiko ahaldun nagusiarekin ere" bat ez datozela azaldu du.

"Jaurlaritzak ez du egin nahi, Guggenheim bat badagoelako, eta Jose Luis Bilbaok berak nahi duelako museo berria egin nahi du. Ez gatoz bat ez bata eta ez bestearekin ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea