Politika -

PODEMOS

Alderdiaren barruan autonomia gehiago aldarrikatu du Podemos Euskadik

Eduardo Mauraren hitzetan, besteak beste, erabakigune izango diren lurraldekako kontseiluak sortzea proposatzen du Podemos Euskadik.

Eduardo Maura, Podemos Euskadiko Politika idazkaria. EFE.
Podemosen barruan federazio bat izan nahi du Podemos Euskadik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos Euskadiko zuzendaritza berriak alderdiaren barruan autonomia gehiago izatea nahi du, eta ez du baztertzen Podemosen barruan federazio bat izatea. Eskari hori, jada, helarazi dio Podemosen exekutiba nagusiari.

Eduardo Maura Podemos Euskadiren Politika idazkariak, EFE berri-agentziari eskainitako elkarrizketan, alderdiaren antolakuntzan proposatu nahi dituzten aldaketen berri eman du; erabakigune izango diren lurraldekako kontseiluak sortzea proposatzen du Podemos Euskadik. Estatu mailako antolaketan, oraingoz, ez dute halakorik aurreikusi.

Sergio Pascual Antolakuntza idazkari ohiari igorri zizkioten proposamen horiek, eta orain haren lekukoa hartu duenari, Pablo Echeniqueri jakinaraziko dizkiote. "Euskadiko zuzendaritza aukeratu zenean, Sergio Pascualekin hitz egin genuen, Euskadirako nahi genuen antolaketa ereduaz. Gure proposamenak zentzuzkoak iruditu zitzaizkion Pascuali, eta onartu egin zituen. Zuzendaritza nagusiaren aurrean defendatuko zituela hitz eman zigun. Orain, gauza bera eskatuko diogu Antolakuntza idazkari berriari eta haren taldeari. Erantzun bera espero dugu", esan du.

Mauraren hitzetan, federazio gisa antolatzearen eredua beste erkidegoetara ere zabal daiteke.

Espainiako Gobernu berria

Bestalde, Espainiako Gobernu berriaren inguruko negoziazioei buruz galdetuta, Maurak ukatu egin du Podemosen barruan zatiketa dagoenik. "Ez dago zatiketarik Ciudadanos-PSOE ituna atzera botatzearen inguruan", zehaztu du. Valentziako ereduaren (PSOE, IU eta Compromis) aldeko apustuari  eusten diotela berretsi du.

PSOErekin gobernu-akordioa lortzea ez du ezinezkoa ikusten Podemos Euskadiko kideak, batez ere, Pedro Sanchezek Podemosekin biltzea onartu duelako, Ciudadanos bertan izan gabe.

Euskal politikari dagokionez, Maurak adierazi du EH Bilduk eta PSE-EEk hurrengo hauteskundeetan erabaki irmoak hartuko beharko dituztela, itunak adosterakoan: erabaki horietan ikusiko da benetan aldaketarako borondatea duten, Mauraren irudikoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi politikoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Podemos albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak