Politika -

Eusko Legebiltzarrerako bozak

EAJ eta EH Bildurekin hiruko akordioa egitea baztertu du Ahal Duguk

Ahal Dugu Euskadiko Antolaketa idazkariaren esanetan, jeltzaleek denboraldi bat pasa behar dute oposizioan.

Ahal Dugu Euskadiko bilera bat. Artxiboko irudia: EiTB
Ahal Dugu Euskadiko bilera bat. Artxiboko irudia: EiTB
Ahal Dugu Euskadiko bilera bat. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lander Martinez Euskadiko Ahal Duguko Antolaketa idazkariak baztertu egin du EAJrekin eta EH Bildurekin hiruko gobernui akordioa egitea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren. Martinezen hitzetan, jeltzaleek "denboraldi bat pasa behar dute oposizioan".

Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak hiru alderdi horien arteko itunak bilatzeko egindako adierazpenak izan ditu hizpide Lander Martinezek.

"EAJk denboralditxo bat oposizioan igaro behar duela uste dugu. Euskadin aldaketarako gobernu bat osatzeko unea da eta horretarako erakundeetatik aterarazi behar dira 30 urte baino gehiagoan agintean egon direnak. EAJrekin egindako balizko itunak ez luke baldintza hori beteko", azpimarratu du.

Antolaketa idazkariaren iritziz, oraindik goiz da balizko itunez hitz egiteko. Dena den, alor sozioekonomikoan sozialistekin "gertutasuna" egon daitekeela aitortu du eta ez du baztertu akordioetara heltzea. Halaber, EH Bildurekin ere testuinguru sozioekonomikoan adostasunetara hel daitezkeela onartu du, baina "bakegintza eta normalizazio" alorretan "diferentzia sakonak" dituztela nabarmendu du.

Ahal Duguk Ortuzarri erantzun dio

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak "populismo merkea" izatea egotzi zion Podemosi, eta Pablo Iglesias Donald Trump AEBko presidente izateko hautagai errepublikanoarekin alderatu zuen. Lander Martinezen iritziz, buruzagi jeltzalearen adierazpenak dagoeneko hasi den aurrekanpainaren baitan ulertu behar dira. Ildo horretan, "lehen posturako borrokan" bi alderdi daudela adierazi du.

Martinezen esanetan, Ortuzarren adierazpenek "ez dute zentzurik".

"Nabaria da aurrekanpainan gaudela eta adierazpenen tonua goruntz joango dela, batez ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, ustez, lehen posturako lehian dabiltzan bi alderdien artean", gaineratu du.

Ahal Duguko kidearen esanetan, dagoeneko iraungita daude Ahal Dugu populismoarekin eta programa ezarekin lotzen dituzten diskurtsoak, eta alderdi morea, egunez egun, eta proposamenak eginez eta erakundeetan lan eginda erakusten ari ei da hori.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV EAE albisteak Hauteskundeak Euskadin EH Bildu Bizkaia Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi