Politika -

Gaur berriz bilduko dira

Estatutari buruzko osoko bilkura bozketarik gabe amaitu da

PPk Kataluniako Estatutaren kontra Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegiteari buruzko eztabaidak gaur jarraituko du. 10 epailez eratutako osoko bilkura bi aldetan zatituta dago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkura bozketarik gabe amaitu da 20:20an, lau orduko eztabaida baten ostean. PPk Kataluniako Estatutaren kontra jarritako helegiteari buruz eztabaidatu dute magistratuek. Eztabaidak gaur 10:00etan jarraituko du, auzitegiko iturrien arabera.

Maria Emilia Casas Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak osoko bilkura deitu zuen asteazkenerako eta ostegunerako, Kataluniako Estatutaren inguruan behin betiko erabakia hartzeko asmoz.

Auzitegi horretako iturriek jakitera eman dutenez, joan den martxoaren 28an egin zuten azken osoko bilkura. Orduan, bloke progresistako bost epaileak adostasun batera iritsi ziren Estatutaren proiektuaren harira. Orduz geroztik, bloke horren helburua izan da bost magistratu kontserbadoreetatik batek behintzat akordio horrekin bat egitea. Bi blokeen artean berdinketa egonez gero, Maria Emilia Casasek kalitatezko botoa eman beharko luke.

Estatutaren aldeko botoa emango duten magistratuak hauek dira: Casas presidentea; Elisa Perez Vera proiektuaren egilea; Pascual Sala, Eugenio Gay eta Manuel Aragon.

Guillermo Jimenez eta Ramon Rodriguez Arribas epaile kontserbadoreak dira Estatutaren alde egin dezaketenak.

Testua babestuko ez dutenak, berriz, Vicente Conde, Jorge Rodriguez Zapata eta Javier Delgado dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea