Politika -

'Egunkaria' eta Garzon auziak

Lehendakariak Justiziari buruzko "gogoeta orokor bat" eskatu du

Patxi Lopezek esan du 'Egunkaria auzia'n "adierazpen askatasunari" eraso egin zaiola eta Garzonen kasuan epaileak "egiten uzten" ari direla.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak Justiziaren egoerari buruzko "gogoeta orokor bat" eskatu du eta esan du "Zuzenbidezko Estatu batean, Justiziarengan konfiantza" izan behar dela, ''Egunkaria auzia''ri eta Garzonen auziperatzeari erreferentzia eginez.

RNEri eskainitako elkarrizketa batean lehendakariak adierazi duenez, eskuin muturreko kolektiboek herri-akusazioa "modu gaiztoan" erabiltzea "galarazi" behar da. ''Egunkaria auzia''n "adierazpen askatasunari" eraso egin ziotela esan du eta Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen auziperatzearen kasuan, Botere Judiziala "egiten uzten" ari dela iritzi dio.

Justiziaren egoerari buruz "gogoeta orokor bat" egitea eskatu ondoren, epaileak "herritarren oinarrizko eskubideen eta askatasunen bermea" direla azaldu du, "nahiz eta ez egon akatsak egitetik eta kritiketatik libre".

Haren esanetan, "adibide argia" da Egunkaria-rena, izan ere, "Konstituzioan oinarrizko printzipio bat dago", "ebazpen irmorik gabe" egunkariak edo hedabideak ezin direla itxi dioena.

"Hemen, ebazpen irmorik gabe, egunkari bat itxi zuten, eta zazpi urtez egon dira ebazpenaren zain, eta azkenean absoluzioa jaso dute. Hori adierazpen eta informazio askatasunaren kontrako eraso zuzena, eta herritarren oinarrizko eskubidea den heinean, Zuzenbidezko Estatuaren kontrako erasoa ere bada", lehendakariaren arabera.

Gainera, kezkatuta agertu da "herrialde honetan kasu zehatzei buruz eta berotasunean neurriak hartzeko joera" dagoelako, herri-akusazioari erreferentzia eginez. "Izan ere, herri-akusazioak dira Justizian dauden gatazkak mantentzen dituztenak, eta lehen pertsonan ezagutzen dut hori, herri-akusazioak akusatuen aulkian eseri zidan", 2006an ezker abertzaleko kideekin biltzeagatik egin zioten epaiketagatik.

Patxi Lopezek uste du herri-akusazioa "modu gaiztoan" erabiltzen denean sortzen dela "arazoa", eta tresna hori "eskuin muturrekoa eta faxista den sindikatu batek" erabiltzen duenean.

"Eta hor sartu behar dira epaileak, demokraziaren lorpen handienetako bat modu gaiztoan erabiltzea galarazi behar dute. Eta, zoritxarrez, kasu askotan ez dute egin, berretsi egin dute", gaineratu du.

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen auziperatzeari buruz, Botere Judizialak akusazioari "egiten uzten" diola uste du, "baina Justiziaren erabakiaren zain geratuko naiz".

Ezker abertzalearekin harremanak dituela gezurtatu du

Bestalde, Patxi Lopezek esan du "erabat faltsua" dela sozialistek ezker abertzalearekin "zubi egonkorrak" dituztela, eta EAJri PSE-EEren eta PPren artean "gatazka sortu nahi" izatea leporatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea