Politika -
Frankismoko biktimak
36ko hamabi biktimaren gorpuzkiak ehortzi dituzte Iruñean
Erakundeetako ordezkariak Iruñeko hilerriko ekitaldian izan dira, PPko ordezkariak salbu.
EITB.EUS
1936ko altxamenduko hamabi biktimaren gorpuzkiak ehortzi dituzte gaur, astelehena, Iruñeko hilerrian. Nafarroako erakundeetako ordezkariak ekitaldian izan dira, PPko ordezkariak salbu.
12 biktima horietatik 11 Urzanteko hobi komunetik atera zituzten eta hamabigarrena, ostera, Añezkarreko beste hobi batetik. Gorpuzkiei eta senitartekoei DNA frogak egin dizkiete eta behin emaitzak eskuartean dituztenean senitartekoek erabakiko dute gorpuzkiak nora eraman.
Identifikazio lanak egiten dituzten bitartean, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Foru Gobernuak helburu horrekin eraikitako panteoian hobiratu dituzte gorpuzkiak.
"Garrantzia handiko eta balore sinbolikoa duen" ekitaldia izan da, Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Ana Ollo Hiritarren eta Erakundeen arteko Harremanen kontseilariarekin batera egindako ekitaldian. Era berean, Olga Alcega Nafarroako Fusilatuen eta Senideen Elkartearen (AFFNA 1636), Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, zenbait parlamentari, eta Enrique Villarreal 'El drogas' abeslaria ere izan dira, besteak beste.
Ana Ollok, bestalde, Gobernuak egiarekin, aitortzarekin eta justiziarekin hartutako konpromisoa goraipatu du, "mundu askeago, anitzago eta demokratikoago baten alde borrokatu ziren" biktimentzako.