Politika -
Soriaren dimisioa
Montoro: 'Paradisuetan jardun direnek ezin dute Gobernuan egon'
Bestalde, Saenz de Santamariaren arabera, Soriak argi utzi du uko egin duela "emandako azalpenetan egindako hanka-sartzeengatik".
Agentziak | erredakzioa
Cristobal Montoro jarduneko Ogasun ministroak Jose Manuel Soria Industria ministroak karguari uko egin eta ordu gutxi geroago azpimarratu duenez, "paradisu fiskaletan ibili den inork ezin du Gobernuan egon".
Ministro Bileraren ondotik egindako prentsaurreko batean, Montorok zehaztu egin du oraindik baieztatzeke dagoela Soriak halakorik egin duenik. Halere, argi utzi du susmo txarra hartzeko "zantzurik" duenak ezin duela Gobernuan egon, kontuan hartuta bizi duen egoera (Gobernuak). Arduradun publikoek -esan du Montorok- betebeharrak dituzte eta argi izan behar dute zeintzuk diren mugak.
Ministroaren ondoan Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea izan da eta bere egin ditu Montorok egindako adierazpenak. Gainera, ustezko errugabetasuna ezin zaiola inori ukatu azpimarratu du, Soriaren errugabetasunaren gainean galdetu diotenean.
Halaber, Montorok ez du baieztatu Zerga Agentziak Soria ikertuko ote duen legeak galarazten baitu "zergapeko zehatzei" buruz hitz egitea, zergaren gaineko informazioa konfidentziala delako, baina argi utzi du "Zerga Agentzia jardunean aritzen dela, azaltzen den informazioa ikusita".
Bestalde, Saenz de Santamariaren arabera, Soriak argi utzi du uko egin duela "emandako azalpenetan egindako hanka-sartzeengatik". Arazo pertsonalek bultzatuta alde egin du, ez administrazio mailakoek eraginda, beraz, egindako lana eskertzeko aprobetxatu du abagunea Saenz de Santamariak, Gobernuaren eta bere kideen partetik.
Sanez de Santamariak, gainera, esan du Soria azalpenak ematetik "askoz harago joan da", "erantzukizun politikoa onartu" duelako.