Politika -

Hilabete eta gero

Hilabete luzatu dute Arabako ustezko iruzurraren sumario-sekretua

Gasteizko Epaitegiak hartu du erabakia, EAJ zikintzen duen ustezko iruzur sareari buruz ikerketak egiten jarraitzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako ustezko iruzurrari buruzko sumario-sekretua hilabete luzatzea erabaki du Gasteizko Instrukzio Epaitegiak. EAJ zikintzen duen ustezko iruzur sarearen inguruan ikerketak egiten jarraitzeko hartu du erabakia.

Iturri juridikoek atzo jakinarazi zuten sumario-sekretua ez zela gaur altxatuko, eta halaxe baieztatu du Roberto Ramos epaileak auto batean.

Epaileak Ministerio Fiskalari jakinarazi dio sumario-sekretuaren luzapena, baina ez du publiko egin ikerketak ez oztopatzeko.

Gaur bete da hilabete bat iragan martxoaren 17an Alfredo de Miguel (EAJ) Arabako Aldundiko Herri Administrazioko diputatua eta beste zazpi lagun atxilotu zituztela, eroskeria, influentziez baliatzea eta dirua zuritzea leporatuta.

De Miguelek dimisioa eman zuen diputatu gisa eta Vital Kutxako presidenteorde gisa. Era berean, Alfonso Arriola Arabako Telknologia parkeko zuzendari ohia ere auziperatu zuten, eta EAEko Kontu Publikoen Auzitegiko aholkulari kargutik kendu zuten.

Beste auziperatuetako bat Aitor Telleria da, Gasteizen EAJren zinegotzi izandakoa, Batzar Nagusietako prokuradore ohia eta Araba Buru Batzarrean dimisioa eman zuena.

Gainera, Ainhoa Bilbao De Miguelen emaztea, Araceli Bajo Aitor Telleriaren bikotekidea, Koldo Otxandiano Ongizate Sozialerako foru erakundearen zuzendari ohia, Iratxe Gaztelu emaztea eta Iñaki Etxaburu enpresaria ere badaude auziperatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea