Politika -

Gizateriaren aurkako krimenak

Aitor Elizaran ETAko kidearen auzitaratzea bertan behera utzi du ANk

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Fiskaltzaren argudio “guztiak” onartu ditu eta Poliziaren txostenetan Elizaranen aurkako “zantzurik ez” dagoela ziurtatu du.

Auzitegi Nazionala. Artxiboko irudia: EiTB
Auzitegi Nazionala. Artxiboko irudia: EiTB
Auzitegi Nazionala. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Aitor Elizaran ETAko kidearen eskaera onartu eta gizateriaren aurkako krimenengatik auzipetzea baztertu du. Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva guardia zibilak 2009ko uztailaren 30ean, Palmanovako kuartelean, hiltzeagatik gizateriaren aurkako krimena leporatzen zioten.

Magistratuak Fiskaltzaren argudio “guztiak” onartu ditu eta Poliziaren txostenetan Elizaranen aurkako “zantzurik ez” dagoela ziurtatu du ebazpenean. Epailearen hitzetan, Poliziaren txostenek Elizaran “ETAko buruzagia denik ez dute sekula esaten”.

“ETAn erantzukizun politikoa izan dutenen arazketa bat egiterakoan, ez da Elizaran aipatzen”, azaldu du instruktoreak. Bestalde, erakunde terroristako kide izateagatik Frantzian zortzi urteko espetxe-zigorra bete zuela gogorarazi du Lamelak. Ondorioz, delitu bera berriro leporatzerik ez dagoela azpimarratu du.

ETAko beste lau buruzagi ohirekin batera, auziperaturik

Juan Pablo Gonzalez epaileak, Lamelaren aurrekoak, Elizaran ETAko beste lau buruzagi ohirekin batera auziperatu zuen gizateriaren aurkako krimenengatik. Gonzalezen ondorengoak auziaren zatiketa erabaki zuen abenduan, ikertutako erasoen arteko “loturarik” ez zegoelako.

Konkretuki, Elizarani gizateriaren aurkako krimenak egotzi zizkioten bost erasotan parte hartzeagatik: Luis Conde Lurreko Armadako brigada, Inaxio Uria enpresaburua, Eduardo Puelles Polizia Nazionaleko inspektorea eta Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva guardia zibilak. Gizateriaren aurkako krimenengatik kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ezar ziezaioketen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala ETA gaur Albisteak