Politika -

Prentsaurrekoa

EH Bilduk eskatu du 'presio judizialak' Nafarroan amaitzea

Koalizioaren zenbait alkatek eta zinegotzik deitoratu dute nolako lana egiten ari den, euren iritziz, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Alba, aldaketaren udalen aurka.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduko hainbat alkatek eta zinegotzik baieztatu dute astelehen honetan nola koalizioaren zenbait hautetsiren aurka aurkeztutako ekintza judizial "guzti-guztiak" artxibatu dituzten; halaber, eskatu dute horiek bezalako presio judizialak amaitzea.

Hala adierazi dute prentsaurrekoan Leitzako alkate Mikel Zabaletak eta Irunberriko zinegotzi Iraide Ongayk; Goizueta eta Bakaikuko zinegotzi batzuk ere izan dira bertan. Ongayk esan du "salaketa gutzi-guztiak artxibatu dituela Auzitegi Nazionalak.

EH Bilduren Irunberriko zinegotziak galdegin du hauek bezalako presio judizialak amaitzea, eta nabarmendu ere nabarmendu du nolako lana egiten ari den, koalizioaren iritziz, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albak, "aldaketaren udalen aurka". Salaketa horiek guztiak Nafarroako Ordezkaritzak abiatu zituen eta Estatuko abokatutzari bideratu, "Guardia Zibilaren txostenekin batera", zehaztu du.

"Carmen Albaren dimisioa eskatzeaz harago, azpimarratu nahi dugu Nafarroan Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza soberan dagoela", esan du Ongayk; berorren ustez, "oso larria da Gurdia Zibila eta Polizia Nazionala eramatea Nafarroako herrietako jaietara agenteek kontrol politikoak egin ditzaten". "Baina", adierazi du, "zer espero ahal da mural bat egiten ari ziren persona batzuk atxilotzen dituztela kontuan izanik?".

"Aldaketaren aldeko gure konpromisoa eta lana ez dute baldintatuko, ez eta oztopatuko ere"

"Salaketa eta ekintza judizial horiek ez dute baldintzatuko edo oztopatuko aldaketa politiko eta instituzionalaren aldeko gure konpromisoa", aseguratu du; gerora, apustua egin du "Nafarroako gizarteak eskatzen duen aldaketan sakontzearen alde, eta herritar guztien eskubide politiko eta sozialak bermatzearen alde".

Nabarmendu dutenez, bere garaian ohartarazi zuten nola Auzitegi Nazionaleko ekintza horiek "demokraziaren aurkako eraso zuzenak ziren, hainbat foru-erakundeetan herritarrek eurek aukeratu dituzten zenbait karguren aurkako erasoak".

Gogorarazi dute laster hasiko direla Nafarroan herrietako jaiak, eta eskatu dio Gobernuko ordezkariari "aldaketako gobernuen aurkako erasoak baztertzeko", bai eta "presioak, eta gainerako azpijokoak" ere; halaber, "animoa eta elkartasuna" agertu dizkio Burlatako alkateari; izan ere, azken horren auzia zabalik dago oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nafarroa EH Bildu Nafarroa Burlata Albisteak