Politika -

PSOE-REN BATZORDE FEDERALA

Sanchezek batasuna eta konfiantza eskatu ditu hauteskundeak irabazteko

Sozialistek hasiera emango diote Espainiako Gobernuko presidentegaia aukeratzeko eta hauteskunde zerrendak osatzeko prozesuari.

Pedro Sanchez eta Cesar Luena PSOEren Batzorde Federalean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Cesar Luena PSOEren Batzorde Federalean. Argazkia: EFE
E26an irabazteko 'batasuna eta konfiantza' eskatu du Sanchezek

2:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak "batasuna eta konfiantza" eskatu dizkie alderdikideei ekainaren 26ko hauteskundeak irabazi ahal izateko.

Alderdi Sozialistak Batzorde Federalaren bilera egin du gaur PSOEk Madrilgo Ferraz kalean duen egoitzan, eta Espainiako Gobernuko presidentegaia aukeratzeko barne hauteskundeak deitu ditu eta hauteskunde zerrendak osatzeko prozesuari ekin dio.

"Garrantzi handiko garai honetan, ekainaren 26ra bitartean, batasuna eta zuen idazkari nagusiarekiko konfiantza eskatu nahi dizkizuet", adierazi du buruzagi sozialistak.

Sanchezen esanetan, PSOE irabazteko "baldintza hobean" dago orain herritarrek aldaketarako alderdi gisa ikusten ei dutelako, hitzemandakoa betetzen duela ikusi dutelako eta interes orokorrak interes partikularren gainetik jartzen dituela antzeman ei dutelako.

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiari erreferentzia eginez, Sanchezek ziurtatu du bera beste buruzagi batzuk baino umilagoa dela eta ez duela zerua erasotzeko asmorik, espainiarrak eskuineko politiken infernutik ateratzea baizik.

Porrot egin zuen inbestidura saioari dagokionez, Sanchezek onartu du aldaketarako aukerak egon bazeudela, baina azkenean ez zela posible izan. Hala ere, azkenean aldaketa izango dela nabarmendu du. Ildo horretan, PSOEren etsaia ez dela Podemos azpimarratu du, desberdintasuna, ustelkeria eta lanerako aukera falta baizik.

"Ekainaren 26ko aukera argia da: aldaketa edo ekainaren 20ko hauteskunde emaitzak onartu ez zituen Espainiako Gobernuko presidentearen inmobilismoa", adierazi du. Bestalde, Sanchezek uko egin dio Rajoyrekin koalizio handia osatzeari, eta ustelkeria kasuen erantzukizuna bere gain ez hartzea eta espainiarrek eskatzen ei duten birsorkuntza demokratikorako nahiei erantzuna ez ematea leporatu dio.

Buruzagi sozialistaren hitzetan, aldaketarako aukera bakarra PSOE, Ciudadanos eta Podemosen arteko ituna da eta sozialistek horren aldeko apustua egingo dute ekainaren 26tik aurrera ere.

Alderdi barruko hauteskundeak

Sozialistek hasiera eman diote Espainiako Gobernuko presidentegaia aukeratzeko barne hauteskunde prozesuari, eta Sanchezek esan du pauso bat aurrera emango duela eta berriz ere presidentegai izateko hautagai izango dela.

Bihar irekiko da hautagaitzak aurkezteko epea eta maiatzaren 7ra bitartean zabalik egongo da. Dena den, aurreikuspenen arabera, Sanchezek ez du aurkaririk izango eta beraz ez ei da beharrezkoa izango militanteei galdetzea.

Bestalde, hauteskunde zerrendei buruzko eztabaida bertan behera uzteko eta Podemosi hainbatetan egotzi izan dion besaulkiei inguruko borroka alboratzeko eskatu die Sanchezek alderdikideei. "Gu ez gara Iglesias bezalakoak", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi Sozialista Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Espainia bideoak Pedro Sánchez albisteak Eguneko albisteak