Politika -

Lan aukerak

Lanera kanpora joan eta gero bueltatzea iradoki die Urkulluk gazteei

Halaber, Euskadi bederatzi hilez jarraian hazten dagoela nabarmendu du.

Urkullu EGIko kideekin. Argazkia: EITB
Urkullu EGIko kideekin. Argazkia: EITB
Egungo gazteen bekak kontratu bihurtzea bultzatuko du Jaurlaritzak

0:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria gazteei zuzendu zaie larunbat honetan, eta gaur egun lan munduan mugarik ez dagoela eta enpresen egungo esparrua merkatu globala dela adierazi die. Horrenbestez, kanpora atera daitezela animatu ditu, eta hori aukera gisa ikus dezatela, baina "itzultzeko erronkarekin".

EAJ alderdiko gazteriak (EGI) 'Enpleguaren erronkak etorkizunean' lelopean antolatutako hizketaldian parte hartu du Urkulluk larunbat honetan. Bertan, enpresa-munduari deia egin dio lantegietan gazteriaren "ilusioa" sartzeko esanez, eta nabarmendu egin du Euskadi bederatzi hilez jarraian hazten dagoela.

Gazte ikasleen galderei erantzunez, lehendakariak hezkuntza-sistema lehiakorrak diren enpresa-sektoreekin bat egitearen alde agertu da, eta aukerak honako gune hauetan daudela azaldu du: ingurumena, energia, ekoizpen aurreratua eta biozientziak eta osasuna.

Onartu egin du gazteek zailtasun handiak dituztela lana aurkitzeko, eta horren aurrean, enpresa-munduari dei egin dio gazteen "ilusioa" lantegietan sartzeko, "horiek bihur baititzakete enpresak lehiakorrago".

Hazkuntza

Era berean, Euskadin bederatzi hilez jarraian hazkuntza ekonomiako ematen ari dela gogoratu du, eta apurka-apurka 2007an sortutako "krisi-egoerari buelta ematen" ari zaiola nabarmendu du. "Gaur Euskadi hazten ari da guztiok batera erresistitzeko ahalmena izan dugulako. Batera lan eginez hazkuntza-erritmoari eutsiko diogu", gaineratu du.

Ahal Duguk Urkulluri erantzun dio

Nagua Alba Ahal Duguren idazkari nagusiak Urkulluri ohartarazi dionez, "gazteek lan egitera kanpora joan behar izatea ez da irtenbidea, arazoaren beste zantzu bat baizik".

Maiatzaren 1aren harian, 'Zure lana, zure eskubideak' lelopean Bilbon egindako hitzaldian parte hartu du Naguak, Inaki Uribarri sindikalista eta ekonomialariarekin eta Owen Jones idazlearekin batera (azken honek bideokonferentziaren bitartez parte hartu du).

"Ezin dugu autokonplazentziazko diskurtsoetan erori, ezta eskaeren aurrean ez entzunarena egin. Aldaketaren aldeko apostu garbia egin behar dugu, enplegu sendoa eta kalitatezkoa lortu ahal izateko", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Urkullu azken albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gazteak gaur