Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Suhiltzaileen lege-proiektua atzera bota du Jaurlaritzak

Uztailaren 27an onartu zuen Gasteizko Gobernuak lege-proiektua, eta oposizioko talde guztiek osoko zuzenketak aurkeztu ondoren, atzera botatzea erabaki du.

Jaurlaritzak atzera bota du suhiltzaileen lege proiektua

AGENTZIAK |ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suteen Prebentzio eta Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak Arautzeko Lege-proiektua atzera botatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, "babes faltagatik".  Oposizioko talde guztiek osoko zuzenketak aurkeztu zituzten lege-proiektua bertan behera uzteko eskatuz, profesionalen iritziak kontuan ez dituela hartzen argudiatuta. EH Bildu, PSE-EE, PP  eta UPyD  alderdien iritzian, hutsune larriak ditu proiektuak.

Jaurlaritzak, dagoeneko, eman die erabakien berri hiriburuetako udalei eta EAEko aldundiei, suhiltzaileen zerbitzuak euren esku baitaude.

 

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez , legea jorratzen hasi zirenean, erakunde guztien arteko adostasuna zegoen; EH Bilduk eta PPk baina, Gipuzkoa eta Arabako aldundietatik kanpo geratu zirenean, iritzia aldatu zutela esan du Erkorekak.

 

EAEn dauden 25 suhiltzaile-parkeen arteko koordinazioa arautzea eta bermatzea zen legearen helburua, Jaurlaritzaren hitzetan, lurralde bakoitzeko beharrak eta berezitasunak kontuan hartuta.

Sindikatuak eta langileak ere aurka izan ditu lege-proiektuak, hasieratik. Suhiltzaileek protesta ugari egin dituzte legearen kontra; beraien zeregin eta betebeharrak testu berrian ez zeudela behar bezala zehaztuta salatu dute, eta euren lan-baldintzak okertuko ziren beldur agertu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Suhiltzaileak albisteak Albisteak Gaur