Politika -

Iragarpena

ETBk eten egingo du emisioa Nafarroan, zentroen zigilatzea ekiditeko

Industria Ministerioak ETBk Foru Erkidegoan egiten duen emisioaren aurka "hartutako neurri berrien eta gertakari larrien" ondorioz hartu du erabakia.

Ezkaba mendia -bertan igorgailuetako bat dago-, Iruñetik.
Ezkaba mendia -bertan igorgailuetako bat dago-, Iruñetik.
ETBk ostegunean etengo du emisioa Nafarroan

1:14

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Irrati Telebistak (EiTB) iragarri du eten egingo dituela telebista emisioak Nafarroan, Telekomunikazioen Estatu Idazkaritzak (Industria, Energia eta Turismo Ministerioren parte da) inposatutako txosten berresleen ondorioz, euskal telebista publikoak Foru Erkidegoan emititzen duen programazioa dela eta.

Gaur, asteartea, zabaldutako ohar baten bidez EiTBk azaldu duenez, Estatu Idazkaritzak "EiTBri eta ITELAZPIri txosten berresleei hasiera eman eta gero, euskal telebista publikoak Foru Erkidegoan emititzen duen programazioagatik, aipatutako enpresen langileak datorren astean aurkeztea eskatu du, ekipoen eta instalazioen zigilatzea egiteko".

"Ministerioak hartutako neurri berrien eta gertakari larrien aurrean", EiTBko Zuzendaritza Nagusiak esan duenaren arabera, "ezin dira baztertu aipatutako sozietateek izan ditzaketen ondorioak, emisioak berehala eteten ez badira". EITBko Zuzendaritza Nagusiaren iritzian, "Ministerioak hartutako erabaki horrek esparru erradioelektrikoaren okupazio baketsuaren oinarria hautsi du, hogei urte baino gehiagoren ostean, eta ETBk Nafarroan emititzeko hartutako erabakiak gidatu eta gero".

Ostegunetik aurrera

EiTBk adierazi du bete egingo duela Industria Ministerioak egindako eskakizuna, hori dela eta, datorren ostegunean, zentro igorgailuen seinale digitala itzaliko du: Ioar (50. kanala), Erreniega (27. kanala) eta Ezkaba (41. kanala). Itzaltzean, seinalerik gabe geratuko da Iruñerriako audientzia, baina baita Foru Erkidegoko beste eskualdekoak ere, neurri horrek errepikagailu digitaletan eta analogikoetan eragingo duelako, herriek gero kudeatzen dituztenak, eta aipatu hiru errepikagailuen seinalea zabaltzen dituztenak".

Era beran, Euskal Irrati Telebistak penagarritzat jo du "Ministerioaren agindu horrek hiritar nafarrak kaltetuko dituela, ez baitituzte ETBren kanalak jasoko eta horrek oinarrizko eskubideen esparruan ere izango du eragina".

Halaber, harridura adierazi du "soilik EiTBri egin zaiolako agindua, antzerako egoerak daudenean bai Nafarroan baita beste Autonomia Erkidegoetan ere".

Konponbide bila

EiTBk adierazi du “prest” dagoela Nafarroako Gobernuarekin “estu” lan egiteko, araudiaren arabera seinalearen digitalizazioari “behin betiko konponbidea” emateko.

Halaber, hedabide publikoak gogorarazi du beti jokatu duela “Nafarroako gizartearen eskakizunei erantzuna emateko eta gardentasun eta leialtasun instituzional osoz”, eta EiTBren seinale digitala pizteak ez duela “kalterik” ekartzen, “ez teknikoki, ez arlo sozialean”.

Euskal Irrati Telebistaren ustez, digitalizazioa “Nafarroako Gobernuarekin ados jarrita” abiatu dute, “erabiltzaileei edo beste operadoreei kalte egin gabe”. Halaber, EiTBk gaineratu duenez, seinalea digitalizatuz “libre geratu da egungo seinale analogikoaren espazio erradioelektrikoaren % 50”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua bideoak Telebista publikoa berriak Euskal Herriko telebista Albisteak Nafarroako Gobernua ETB Nafarroa