Politika -

Pablo Ibar

Fiskalaren helegiteak porrot egitea espero du Pablo Ibar Elkarteak

Elkarteko bozeramailea eta presoaren aita lehendakariarekin batzartu dira asteazken honetan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Heriotza Zigorraren aurkako Pablo Ibar Elkarteak espero du Fiskaltzak aurkeztutako helegiteak aurrera ez egitea.

Otsailaren 4an, Floridako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Ibarren aurkako heriotza zigorra, "froga fisikorik" ez dagoela argudiatuta. Fiskaltzak helegitea jarri zuen, eta epaitegiak atzera botatzen badu, beste epaiketa bat izango da.

Orain, Ibarrek 600.000 euro bildu behar ditu hurrengo hilabeteetan, defentsa eragingarria izan ahal izateko. Horregatik, familiak dirua biltzeko kanpaina abiatu du.

Gaur arratsaldean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria presoaren aitarekin eta Andres Krakenberger aipatutako elkarteko bozeramailearekin batzartu dira.

2007tik, Eusko Jaurlaritzak 50.000 euroko laguntza eman izan dio Pablo Ibar Elkarteari, baina hurrengo asteetan diru hori handitzea aztertuko dute, defentsa "une estrategikoan" dagoelako.

Krakenbergerren esanetan, "oso pozik" atera dira bileratik. Orain, aldundiekin, euskal udalekin eta beste erkidegoetako gobernuekin bildu nahi dira. Gainera, aste honetan webgune berria abiatuko dute, herritarrek dirua eman ahal izateko.

Defentsa eragingarria izateko aurrekontua 1,3 milioi dolarrekoa da. Erdia (662.894 dolar) Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzekin bildu dute.

Hala ere, oraindik beste 637.000 euro eskuratu behar dituzte. Epe laburrean, gainera, lau hilabetean jakingo baita epaiketa errepikatuko ote den.

Ibarrek 22 urte daramatza preso Estatu Batuetan; azken 15ak, heriotzaren korridorean.

2000 urtean ezarri zioten heriotza zigorra, krimen hirukoitz baten egilea izatea egotzita, baina hark beti ukatu egin ditu akusazioak, eta ez dago horren aurkako froga argirik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak bideoak Pablo Ibar Gaurko azken orduko albistea