Politika -

Segurako operazioa

Hasier Arraiz epaituko du gaurtik aurrera, Segurako auziagatik

Dignidad y Justiciak uko egin dio 04/08 sumarioko gainerako 35 auziperatuekin erdietsitako akordioa errepikatzeari, eta hamar urteko kartzela zigor eskaerari eutsiko dio.

Foruduna izaki, Euskadiko Auzitegi Nagusiak epaituko du Hasier Arraiz. Argazkia: EiTB
Foruduna izaki, Euskadiko Auzitegi Nagusiak epaituko du Hasier Arraiz. Argazkia: EiTB
Hasier Arraizen aurkako epaiketari ekingo diote bihartik aurrera

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Hasier Arraiz Sortuko presidentea epaituko du gaurtik aurrera, Batasuna berreraikitzen saiatzea eta ETAko kide izatea egotzita.

Segurako auziaren baitan Auzitegi Nazionalean epaituak izan ziren gainerako auzipetuek fiskalarekin eta herri akusazioarekin akordioa erdietsi zuten eta, ondorioz, kartzela saihestea lortu zuten.

Foruduna izaki, Hasier Arraiz Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian epaituko dute, baina Dignidad y Justicia elkarteak uko egin dio oraingoan akordioa errepikatzeari.

Arraizek astelehenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epailearen aurrean egiten duen deklarazioak eragina izan dezake epaiketaren garapenean; izan ere, aldeek beren eskariak aldatu ditzakete baldin eta Arraizek egozten zaizkion egitateak onartzen baditu.

Horrela, Arraizen deklarazioaren baitan hasieran egindako sei urteko kartzela eskaera jaitsi dezake Fiskaltzak. AVT elkartea ere hasierako eskaria moldatzeko prest agertu da, beti ere, Arraizek epailearen aurrean esaten duenaren baitan. Bestalde, Dignidad y Justicia elkarteak azkenera arte eutsiko dio hamar urteko kartzela eskaerari.

Bost eguneko epaiketa

Hasiera batean bost egun iraungo ditu epaiketak, baina Arraizen adierazpenak epaiketa laburtzea eragin dezake. Asteleheneko saioan alde guztiek aurretiazko arazoak mahaigaineratuko dituzte eta Hasier Arraizek deklaratuko du.

Asteartean Arnaldo Otegik, Rufi Etxeberriak, Joseba Permachek eta Jose Luis Elkorok deklaratuko dute. Asteazkenean eta ostegunean Espainiako Segurtasun Indarren txanda izango da. Aurreikuspenak betez gero, ostiralean aurkeztuko dituzte ondorioak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Sortu Hasier Arraiz bideoak Epaiketak bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak