Politika -

Prentsa-oharra

EiTBk Nafarroako emisioak berehala abian jartzeko eskatu du

Administrazio Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta espainiar Estatuko Gobernuari emisioak eteteagatik eragindako kalte larria konpontzeko eskatu die.

EiTBren Administrazio Kontseiluaren bilera. Argazkia: EiTB
EiTBren Administrazio Kontseiluaren bilera.
EiTBren Administrazio Kontseiluaren bilera. Argazkia: EiTB

eitb

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTBko Administrazio Kontseiluak astearte honetan egindako ezohiko batzarrean adierazpena onartu du ETBren emisioak Nafarroan etetearen harira. Bertan, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta espainiar Estatuko Gobernuari emisioak eteteagatik eragindako kalte larria konpontzeko eskatu die.

Halaber, EiTBren Administrazio Kontseiluaren bilera berezian, ETBko emisioa Nafarroan berehala abian jartzeko eskatu dute. Hain zuzen ere, maiatzaren 5ean ETBk bere emanaldi digitalak eten zituen EiTBren eta Itelazpiren aurka Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren Telekomunikaziorako Estatu Idazkaritzak hasitako zehapen-espedienteek eraginda.

Onartutako adierazpenak aldeko 18 boto jaso ditu eta bi, berriz, aurka.

Administrazio Kontseiluaren adierazpena:

EiTBko Administrazio Kontseiluak, Nafarroan ETBren emisioak eteteko agindua dela eta deitutako ezohiko bileran

ADIERAZI DU

1.       EITB Sortzeko Legeak hainbat funtzio esleitzen dizkio erakunde publikoari, besteak beste, euskal kulturaren zabalkuntza, bereziki kontutan izanik euskararen garapena eta sustapena. Hortaz, kanal desberdinen bitartez hizkuntza horretan egiten den eskaintza eman beharra dago bereziki euskararen geografia osatzen duten lurraldeetan, historikoki eta kulturalki Euskal Herria bezala ezagutzen dena.

2.       EiTB zerbitzu publikoa den aldetik aurreko paragrafoan aipatzen diren lurralde guztietako herritarrek ikus-entzunezko edukiak euskaraz jasotzeko behin eta berriro egin dituzten eskaera garrantzitsuei erantzuna eman behar die.

3.       Europako Kontseiluak babestutako eta Europako legerian jasotako funtsezko printzipio demokratikoen arabera, horretarako sinatutako nazioarteko akordioekin,  euskal erakundeei dagokie euskal errealitateari buruzko informazioa jasotzeko herritarrek duten funtsezko eskubidea babestea eta edonon bizi direla ere babes berezi bat garatzea, hizkuntza gutxitu bat duen erkidegoa osatzen duten aldetik, eta EiTB da funtsezko eskubide horiek garatzeko beharrezko erakunde publikoa.

4.       Itzaltzeak ETB euskararen normalizaziorako, euskal kulturaren hedapenerako eta hurbiltasunetik eta zerbitzu publiko batetik informazioa jasotzeko zein iritzia emateko balio duen komunikabide hurbil gisa libreki aukeratzeko oinarrizko eskubidea urratzen du.

5.       Alderdi horiek guztiak elkarlanaren nahiz elkarrekikotasunaren bitartez garatu behar dira, Euskadiko eta Nafarroako Erkidegoen artean indarrean zegoen aurreko, 2009ko, hitzarmenaren arabera garatu diren gisara, baita gaur, 2016ko maiatzaren 10ean, sinatu denaren arabera.

Adierazitako guztiagatik,

EiTBko Administrazio Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta espainiar Estatuko Gobernuari eragindako kalte larria konpontzeko eta Nafarroako ikusleek duten interes orokorra aintzat hartzeko eskatzen die; horrenbestez, batetik emisioei berehala berriro ekiteko premiatzen die, hasieran behin-behinean, Nafarroako Gobernuaren espektro irrati-elektrikoaren bitartez, eta bestetik ofizialtzeko, ahalik eta azkarren, dagokion babes legalarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Telebista publikoa berriak Telebista Albisteak