Politika -
Ekainak 26
Iglesiasek eta Garzonek militanteen oniritzia dute koaliziorako
Oraindik erabakitzeke dago koalizioaren izena, eta biharko adostu beharko dute, Hauteskunde Batzordean erregistratu ahal izateko.
agentziak | erredakzioa
Pablo Iglesias Podemosen buruak eta Alberto Garzon IUkoak militanteen babes "zabala" jaso dute gaur ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan koalizioan aurkezteko.
Podemoseko militanteen % 98ak (145.000k eman dute botoa 413.899tik) eta IUko militanteen % 88,5ak (23.109k eman dute botoa 72.041etik) baiezkoa eman diote koalizioari, mugimendu horren bitartez sozialistei gailentzeaz gain gobernatzeko helburuarekin, bi alderdien buruzagiek egunotan esan duten moduan.
Hauteskundeetan bigarren aukera bat dutela ikusi eta oraingoan elkarrekin aurkeztea erabaki dute, abenduan Iglesiasek IUri, zama bat zelakoan, uko egin ostean.
Inkesten arabera, Podemos indarra galtzen ari da, baina IUk goranzko joera hartu du, eta elkartzea lortu dute, 50 neurriko programa adostu eta IUri zerrendetan 13 postu bermatuta, tartean Garzonena, Madrilen bosgarrena izango baita.
Oraindik erabakitzeke dago koalizioaren izena, eta biharko adostu beharko dute, Hauteskunde Batzordean erregistratu ahal izateko; dena dela, Garzonek esan du ez dela marka berri bat izango, guztiak aipatuko dituela, eta Pablo Echenique Podemosen Antolakuntza idazkariak aurreratu du bere alderdiaren izena agertuko dela.
Podemosen ez da ahots esanguratsurik entzun IUrekin koalizioa egitearen aurka, baina IUn batek baino gehiagok hartu du jarrera hori, tartean Gaspar Llamazaresek.